«Irabazteko atipikoegia zen»

Anjel Lertxundiren 'Eskarmentuaren paperak' liburuak irabazi du saiakera arloko Espainiako Sari Nazionala

Juan Luis Zabala
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun


«Nekatuta» zegoen atzo arratsean Anjel Lertxundi, ia egun osoa hedabideen deiei erantzuten eman eta gero. Eguartean Angeles Gonzalez-Sinde Espainiako Kultura ministroak jakinarazi zion, telefonoz, saiakera arloko Espainiako Sari Nazionala irabazi duela, Eskarmentuaren paperak liburuarekin (Alberdania). Deiak paseoan harrapatu zuen, Zarauztik Getariara bidean, eta hortik aurrera atsedenerako tarte gutxi eman zion telefonoak. «Erdara ikasteko» balio izan zion egunak, idazleak umore onez komentatu zuenez. «Normalean ez dut erdarazko horrelako saio askorik egiten».

Nahiz eta jakin finalisten artean zegoela, «ezustekoa» izan zen Lertxundirentzat albistea. «Ez nuen uste horrelako sari bat irabaziko nuenik saiakera batekin. Gainera, atipikoegia iruditzen zitzaidan horrelako sari bat nirea bezalako lan bati ematea. Aurreko urteetako saiakera sarituak akademikoagoak dira, unibertsitarioagoak edo filosofikoagoak. Saria halako literatur ikuspegia duen liburu bati eman izana da harritu nauena».

«Irakurle baten liburua» da, ororen gainetik, Eskarmentuaren paperak, Lertxundiren iritziz. Irakurketarekin, idazketarekin, euskararekin eta kulturarekin zerikusia duten bere kezken eta obsesioen inguruko gogoeta eta kontakizunekin osatua dago, eta ezin konta ahala aipurekin hornitua, egileak komentatuak batzuk, bere horretan jasoak besteak. Atal laburretan banatuta dago, eta atal bakoitza modu autonomoan irakur daiteke, nahiz eta denak hari orokor batek lotzen dituen osotasun batean.

Eskarmentuaren paperak liburuan jorratutako gaietako batzuk beste saiakera batzuetan ere jorratu izan ditu Lertxundik, Mentura dugun artean-en besteak beste. Hala ere, liburu saritua «formulazioaren aldetik» Gogoa zubi liburutik gertuago dagoela iruditzen zaio, «nahiz eta hau libreagoa den, freskoagoa nolabait esateko, antolamenduan».

Oihartzuna jasotzen hasia

Saria baino lehen ere interesa pizten hasia zegoen liburua hainbat zirkulutan. Gaztelaniazko bertsioa oraindik orain kaleratu du Alberdaniak, Vida y otras dudas izenburuarekin, Jorge Gimenez Bechek egindako itzulpenean, eta itzulpen hori kaleratu denetik «oihartzun dezente» jaso du egileak. «Horrekin ere harrituta nengoen, normalean nire nobela baten itzulpenak ez baitu halako oihartzunik izaten». Interes hori pozteko motiboa iruditzen zaio. «Gure berri ematen duen aldetik, liburu hau gure hainbat gorabeheratara hurbiltzeko baliagarria izan daiteke, gehiegizko aurreiritzirik ez dutenentzat behintzat. Ez, noski, gure gorabehera guztietara hurbiltzeko, baina bai niri literarioki interesgarriak iruditzen zaizkidan batzuetara». Sariak Alberdania argitaletxeari eman diezaiokeen bultzadak ere pozten du Lertxundi. «Hemengo argitaletxeek banaketaren aldetik izaten dituzten arazoak gainditzeko lagungarri izan daiteke».

Lertxundik 20.000 euro jasoko ditu sari gisa, eta diru horri esker errazagoa izango du Lertxundik berak «ogibideko lanak» deitzen dituenak alde batera uztea. «Ogibideko lanen artean ez dut BERRIAko eguneroko zutabea sartzen, nahiz eta ogibidea osatzen ere laguntzen didan, jakina», argitu zuen. «BERRIAko eguneroko ariketa hori oso ondo etortzen zait. Egia da batzuetan madarikatu egiten dudala zutabea idatzi beharra, batez ere gorputzaldi txarra daukadan egunetan, baina uste dut horrelako lan batek zenbat eta iraupen handiagoa izan, gehiago geratzen dela».

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «zorionik bero eta zintzoenak» helarazi zizkion atzo Lertxundiri, sariagatik, gaztelaniazko telegrama baten bidez. Telegrama horretan, euskarazko narratiba berritu izana aitortzen dio Lopezek Lertxundiri, «munduan egiten den gainerako narratibaren parera» eramanez. Lopezentzat, Lertxundi aspalditik da «Euskadin egiten den literaturaren erreferente bat».

Euskarazko liburu batek Espainiako Sari Nazionala jasotzen duen bosgarren aldia da. Aurretik, Bernardo Atxagak, Unai Elorriagak eta Kirmen Uribek jaso dute narratiba arlokoa eta Mariasun Landak haur eta gazte literaturakoa.

Saiakera arloko Euskadi sarietarako hautagaien artean ere badago Eskarmentuaren paperak, Alberdania argitaletxeak Lertxundiren oniritziarekin aurkeztuta.



Hemeroteka

Herio bizirik darama, eskarmentuz

Bizitza du lanbide Anjel Lertxundik, eta komunikazioa ogibide. Literatura berriz, bizitzeko ofizio eta euskarri. Bizitzako ohar arruntek osatzen dute galtzarpean daraman koadernoa. Koadernoak haren makuluak dira Bizitzan.

Bizitzako eskarmentu gordeak kontatu ditu orain. Oroimenaren balbulari bira eman dio, gogoa laxatu eta bere baitakoa zabaldu du: haurtzaroan bizitokiz aldatzeak -Oriotik Zarautzera bizitzera joateak- laga zion arrastoa. Nerabean, Ama eraman zuen heriotzak areago zabaldu zion arrastoa [...].

Urtez urte eta bidez bide pilatu zaion oroimena, oroi eta mina bihurtu zaizkio idazleari. Lertxundiri Bizitza kezka bilakatu zaio. Bizitza ardura du eta Herio kezka.

Mikel Asurmendi. 'Irunero'.

Eskarmentutik idatziak

Liburuak ez du collage erraldoi eta kaotikoaren trazarik, ez bada bateratasun zatikatu batena. Hain zuzen, gai jakin batzuen inguruko kontu eta azalpen dosifikatuak biltzen direlako idazki hauetan. Baita etengabe moldaturik errepikatzen den Herioaren hurbiltasunari buruzko kontakizunaren haria ere, edota idazlearen idazle kuttunen zita pilaketak eta ateraldi ingeniosoak. Gainera, aurreneko orrialdeetatik azkenekoetara bada bilakaera argumental orokor bat ere, lehenengoetan haurtzaroaren inguruko oroitzapen eta gogoetak ugariak baitira, eta amaiera aldera heriotzaren presentziak fragmentu ia guztietan baitu lekua.

Mikel Ayerbe. 'Berria'.

Idazlearen beste aldean

Idazle bakoitzak, idazten hasten den unetik, baditu bere zaletasunak eta bere fobiak ere. Gerta daiteke fobiak nabariagoak izatea zaletasunak baino; alderantziz gerta daitekeen bezala. Anjel Lertxundiren liburua gehiago da zaletasunen kontaera, fobiena eta gorrotoena baino [...]. Liburua gogoetaz josita dago, literaturari buruzko gogoetaz, irakurketaren unea gaindituz, gure aldira etortzen direnak.

Felipe Juaristi. 'El Diario Vasco'.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.