Liburuko izenburuan esandakoari muzin eginez, Ubedak nahiago izan du hitz egin, “iragana arakatu eta ezkutatu zaizkigun egiak bilatu”. Izan ere, iragana bere osotasunean ezagutzeko beharra azaldu du: “Ezinbestekoa zaigu iragana argitzea, herri eta norbanako bezala. Esaera zaharrak ondotxo dioen bezala, atzeak erakusten baitu aurrea nola dantzatu”.
Bere familiako gertaeretan dauka abiapuntua kazetariaren lehen nobelak. Baina ez da autobiografia bat, Ubedak argitu duenez. “Gure etxean 36ko gerrak ondorio latzak izan zituen, eta gure zorionerako gure zaharrek ez ziren isildu eta min hori transmititu egin ziguten. Ordutik gurekin daramagu min hori”. Min horri bide egin dio Hobe isilik-en, baina guztiaren gainetik helburua nobela bat, fikzio bat idaztea izan duela kontatu du.
Iraganeko egiak bilatzeko saiakera horretan luparen efektu engainagarriarekin topo egiteko arriskuaz ohartarazi du. “Bilatu nahi dugu hori luparekin zenbat eta gehiago handitu orduan eta argiago ikusiko dugu, baina lausoagoa izango da inguruko beste guztia”. Testuinguruari erreparatzea beharrezkoa dela gaineratu du: “Testuingurua delako hain argi ikusi nahi dugun horren azalpen nagusia, eta neurri handi batean gure epai guztiak baldintzatu beharko lituzkeena”.
Iaz Augustin Zubikarai nobela saria irabazi zuen Ubedak, eta sari horri esker idatzi du Hobe isilik.