Erakusketa

Iraganean harrapatuta

Georg Baselitz margolari alemaniarraren 'Heroiak' serieko 60 obra bildu eta erakusketa jarri dute Bilboko Guggenheim museoan.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2017ko uztailaren 13a
13:58
Entzun

“Sekula ezin izan dut Alemaniatik ihes egin, ezta alemaniarra izateari utzi ere”. Baieztapen hori egin zuen George Baselitz margolariak bere lanari buruzko gogoeta egiten ari zela. 1938an jaio zen Baselitz, Bigarren Mundu Gerraren atarian, eta 27 urte zituela hasi zen “heroiak” ala “tipoak” margotzen, 1965ean: gerra ostean eta Gerra Hotz betean. Testuinguru politiko horrek zehazten du, hain zuzen, Baselitzen lana: gerra ondorengo Alemaniaren egoera azaltzen dute margotu zituen gizonen irudiek. “1960ko hamarkadan egin zituen artistak margolanak, gerra bukatuta zegoela. Garai horietan denek nahi zuten gertatutakoa ahaztu. Europa osoa etorkizunera begira zegoen. Testuinguru horretan, inork ikusi nahi ez zuen iragana margotu zuen Baselitzek”, azaldu du Eva Mongi-Vollmer Stadel Museum Frankfurteko zuzendariak eta erakusketaren komisarioak. Ikusi nahi ez zen errealitatea erakusteagatik da oinarrizkoa alemaniarraren lana, Mongi-Vollmeren arabera. “Alemaniaren historiako kate maila galdua da artistaren lana”. Urte bateko epean sortu zituen Heroiak seriean biltzen diren 60 margolan, marrazki eta zirriborroak, eta gutxitan erakutsi dira denak elkarrekin. Urriaren 22ra bitarte izango da ikusgai.

Soldaduak, artzainak edo matxinoak. Maskulinitatea dute oinarri “Heroiak” ala “Tipo Berriak”, baina irudiak guztiz antiheroiak direla dio komisarioak. “Ironikoa da, guztiz. Burla egiten ari da artista, benetan erakusten du ez dagoela heroirik edo bakoitzak bere heroiak dituela. Guztiaren aurka doa Baselitz: sistema politikoaren, sozialaren eta artistikoaren aurka”. Mundu hautsi bat erakutsi nahi zuen artistak eta gizonen irudi erraldoiekin irudikatu zuen iluntasun hori.

Alemania banatuta zegoen Baselitzek lanak egin zituenean, eta Errepublika Demokratikoaren (Ekialdeko Alemania) eta Errepublika Federalaren (Mendebaldeko Alemania) artean aritu zen margolaria gaztetatik: sozialismo errealistaren eta espresionismo abstraktuaren artean. “Ez zuen ezeren alde egiten. Bere bide propioa marrazten saiatu zen, eta, horregatik, etengabeko eztabaida eta tentsioan daude haren lanak”. Matxinoa izeneko margolana da eztabaida horren erakusle komisarioaren arabera. “Errealismoaren eta abstrakzioaren artean dago margolana, zaila da esatea zein estilotakoa den”.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.