Vincent Paronnaud 'Winshluss'. Film zuzendaria eta komikigilea

«Irandarrek amodioa kontatzea da iraultzailea»

Marjane Satrapiren «itzalekoa» baino gehiago, 'Pinocchio' azken albuma lekuko, underground munduko «nihilista», 'Poulet aux prunes' amodiozko filmarekin dator.

Nora Arbelbide Lete.
Donibane Lohizune
2011ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Donibane Lohizuneko film zuzendari gazteen jaialdiaren karietara etorri da Vincent Paronnaud Winshluss (Arroxela, Frantzia, 1970) Lapurdira. Marjane Satrapi komikigile eta film egilearekin batera egindako Persepolis animaziokoaren ondotik, orain egin duten bigarren filmak, Poulet aux prunes-ek, jaialdiko lehian parte hartzen du. Poulet aux prunes Satrapiren komiki bat da oinarrian, zinemarako Satrapirekin batera zuzendua duena Paronnaud-ek. Atzo zuten proiekzioa Donibane Lohizunen. Lapurdin bertan, filma urriaren 26an estreinatuko dute. Baina beste aitzin-estreina bat antolatua dute gaurko, Baionako Atalanten, 19:30ean.

Aukera bat, Paronnaud hobeki ezagutzeko. Harentzat, hasteko, Euskal Herria ez da ezezaguna. Hendaian neska-lagunaren familia izateaz gain, Euskal Herrian dituen lagunekin harremana atxikia du. Horien artean, Miarritzen dagoen Amanita Records estudiokoak. Bertan grabatua izan dira bai Poulet aux prunes filmeko musikak, bai Persepolis-ekoak. Pauen bizi izana da Paronnaud hamar urtez. Besteak beste, rock munduan aritua da, Shunatao taldearekin. Eta jadanik estudio horretan aritu ziren grabatzen lanak. Taldean zen Olivier Bernet ere; bi filmetako musikaren sortzailea, hain zuzen. Funtsean, baliteke berriz talde bat muntatzea, eta rock arloan berriz murgiltzen hastea.

Anartean, zineman murgildua da azken urte hauetan Paronnaud. Satrapiren «itzalean» den artista, hark dioenez, ironia ezpain bazterrean: «Kazetari bat datorrelarik, Marjane hor bada, ez da niregana etorriko. Baina hori banekien hasieratik. Halere, orain kazetarientzat ez da hain erraza. Beti hor naiz, eta nola denek badakiten ez naizela Marjanen mutil-laguna, ba, agian zerbait huts egiten ari direla hasten dira pentsatzen». Dena dela, ez da gabetua sentitzen. «Nire egoa asetzeko aukerak baditut». Bere bide propioa baitu Winshlussek. Bere egiazko izenarekin izenpetzen baditu bere bi filmak, «gurasoei plazer egiteko», komikigile gisa Winshluss artistak bide luzea du.

Horren adierazle, 2009ko saria.Angulemako Nazioarteko Komiki Jaialdiko album onenaren saria eman zion Pinocchio (Les Requins Marteaux) albumarentzat. Pinocchioren istorioaren bertsio pertsonal bat, Walt Disneyren bertsiotik urrun, nahiz eta hark bertsio hori ere gustukoa izan. Istorio hori hartu du euskarri. «Nire desesperazio guztia goiti botatzeko». Urteetako lana eskatu ziola, bere Pinocchio gordina da, bortitza, ironikoa, hamaika perspektibaz osatu istorioak eta marrazkiak. Kultua anitzentzat.

Humanista nihilista

Pinocchio-tik Persepolis-era eta Persepolis-etik Poulet aux Prunes-era, Paronnaudentzat, garrantzitsuena, «gauzak zergatik egiten diren jakitea da». Marjane Satrapik egin ziolarik elkarrekin lan egiteko proposamena, onartu zuen, Satrapik egiten duena usaian hark egiten duenetik urrun delako. «Baina bere funtsa gustukoa dut. Persepolis-en duen ikuspegi humanista. Estatu batek xintxikatzen duelarik pertsona bat... Marjanek horretaz daukan ikuspegi politiko edo humanista, horrek interesatzen nau».

Paronnaud bera, bere lanean, «nihilistagoa» dela dio. «Ez naiz batere idealista. Nire iduriko, gizakia txarra da funtsean. Baina aldi berean, gauza batzuetan sinesten duten pertsonak ikusten ditudalarik, lagundu nahi ditut, haiekin izan nahi dut». Eta horietako bat da Satrapi. Gainera, biziki lagunak izanki, elkarrekin ari direlarik, «nahi dudana egiteko lekua daukat. Oreka badaukagu, bestela ez nuke harekin lan eginen. Undergroundetik natorrenez, berriz itzul naiteke bertara. Hori ez da arazo bat niretzat. Ez naiz gozozalea». Proiektuka aitzinatu da bere bizian, burua aske: «Beti izan da zaila. Dirurik ez nuenean hainbeste jende bota nituen antzera ferratzera... Orain, aukera gehiago ditudalarik, ba, presiorik ez daukat. Badakit norekin ari naizen. Bakarrik ere lan egin dezaket». Badaki non bizi den. «Ez naiz Afrikan bizi gosez hiltzen ari. Ezin dut negar egin».

Klixeetatik urrun

Horiek argi utzirik, zergatik Poulet aux prunes, beraz? «Film honek eskaini didan desafio intelektualak interesatu nau. Niretzat amodiozko istorio bat enoagarria da. Beldur egiteko filmak maite dituen mutil bat naiz». Beste arrazoietan, egiazko aktoreekin lan egitea. Aktoreek egin dituzten proposamenak liluratu dute artista: «Zure gogoan zenuena baino hobeki egiten dituztelarik gauzak, eder da». Irudimenari leku osoa utzi diote, halere. Filma osoki estudioetan grabatu dute. 50eko hamarkadako zinemaren itxura emanez lanari. Eta dena dela, amodioa baldin bada ere aipagai, suizidio baten istorio bat bada ere filma.

Eta alde politikoa ere ez du urrun, baina zeharka: «Garen bezalakoak garelako». Baina ez, uste den lekuan: «Iranez mintzo garenez, film politiko bat itxaroten dute anitzek. Baina hori arrazakeria da. Aski karikaturizatzea! Amodiozko istorioak kontatzeko eskubidea daukate irandarrek ere. Hori da zinezko ekintza iraultzailea. Artista batek hori du egin behar. Egunerokoa gainditu behar du. Horregatik ere ari naiz lanean Satrapirekin. Nik ez dut Iran ezagutzen, baina ezagutzen dut Marjane. Eta txinatarra izan balitz, berdin-berdin litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.