Iraultzaren satira

'Iraul'story' kabalkadak Itsasuko plaza hartuko du igandean; Frantziako Iraultzak Itsasun ukan eraginak ditu aipagaiOrotara, 120 bat dantzari, 35 bat antzerkilari eta bi bertsolari elkartuko ditu emanaldiak

Antzerkilarien errepika bateko irudia. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Itsasu
2012ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
1789ko Frantziako Iraultzaren historia ofizialaren tapizaren azpian gordetzen diren errautsak astinduko ditu Iraul'Story kabalkadak igandean Itsasuko plazan, 16:30ean hasita.

Nola, adibidez, soldaduak altxatu behar izan zituztelarik, Itsasuko 47 gazte desertore gisa ekarriak izan ziren muga pasatu zutelakotz: «Horren ondorioz, errepresio aski handia izan zen. Hiru herritar gillotinatu zituzten. Itsasu beste hainbat herri bezala Commune infâme (herri ahalkegarri) deklaratu eta, biztanleriaren parte handi bat desterratu zuten Landesetara». Xabier Itzaina aurtengo kabalkadako gaiaren ideia eman duen ikerlari itsasuiarraren zehaztasunak dira horiek. «Beti behar baita ideia bat, estakuru bat» kabalkada edo tobera mustra edo sinpleki Tobera deitzen den emanaldia osatzeko. Antzerkiaren testua bera Beñat Lazkanok idatzia du. Lehen tobera du. Itsasuk, ordea, azken hogei urte hauetan erregularki antolatzen ditu toberak. Azkenaldian, bost urte guztiz.

Beti gaia aipagai, Lazkanok azpimarratu du hizkuntzaren problematika ere plazaratuko dutela: «Iraultzatik abiatu zen hizkuntza minorizatuen debekatze edo ttipitze prozesua. Historia handiak kontatzen ez dituen efektu perbertsoak aipatzea interesgarria atzeman nuen». Itzainak egin ikerketak izan ditu iturri horretarako. Piarres Larzabalen Otsoak artaldean antzerkitik ere edateko aukera ukan du, hark ere Frantziako Iraultza garaiko Itsasu baitu jorratzen antzerkian.

Tobera iraganari so bada ere, gaurko egoeraz ere anitz erraten du, hainbat begi klixka egiten baitizkio gaur egungo biziari. Adibidez, garai hartan armadak konfiskatu zituen herrientzat oihartzun, aurten, Itsasun armadak bereganatu duen radarra dago: Artzamendiko radarraren lur eremua armadari saltzera behartu dute herria.

Guztia ironiaz busti molde dibertigarri batean emanen dute: «Herri antzerki mota horren funtsa baita. Tobera mustrak antzerki satirikoen generoan sar genitzake», azaldu du Itzainak.

Aski da antzerkilarien errepika batera joatea laster ohartzeko taldeko kide bakoitza beti prest dela irria eraginen duen zerbait gehitzeko. Lazkanok berak esplikatu duenez, hark lehen bertsioa idatzi eta errepiketan ekarpenak egin dizkiote. Zehaztasunak ere emanak izan zaizkio toberaren kodiagoei buruz. Forma aldetik, tobera beti auzi batean oinarritzen da. Pertsonaia batzuek, uxerrak konparazione, leku garrantzitsua hartzen dute. Eta, Zuberoako maskaradako Pitxu bezala, toberan uxerra hiltzeneta berpizten da tobera bururatzerakoan: «plazan erratekoak ziren guztiak erranak zirela eta kabalkada horretan uzten ahal zela adierazteko», Lazkanoren hitzetan.

Antzerkiaz gain, bertsolariek ere leku garrantzitsua izaten dute toberan. Agerraldi bukaera bakoitz hitza hartzen dute, antzerkian erranak izan direnei buruz beren ikuspuntua emateko: «Gai librean uzten dira, nahi duten haritik tiratzen», Gillen Hiribarrenek zehaztu duenez. Hiribarren bera proiektuaren eramaileetariko bat da, baina dantzen aldetik. Alabaina, kabalkadan dantzak leku zentrala ere badu: «Toberak dira alde kritikoa, eta dantza da alde polita. Dantzak itxura noble bat ekartzen dio kabalkadari», Hiribarrenek dioenez.

Plaza herritarrez betetzearekin erakusten den herriaren indarra motibazio iturri bat dute: «Ondorio gisa, ikusten dut zinez harreman anitz egiten direla herritarren artean. Goxo da proiektu bati buruz denek elkarrekin joatea. Ez dakit nola aterako den, baina hori bederen irabazia bezala ikusten dut», deritzo Lazkanok.

Dantzak baduelako zer erran

35 antzerkilariez gain, Itsasuko Ataitze dantza taldearen bidez120 dantzari dira bilduko plazan. Gazteenek 16 bat urte dituzte, eta zaharrenak, 80. Nonbrean zerbait egitea posible dela erakustea garrantzitsua da Hiribarrenentzat: «jakinik dantzaren egoera zertan den, jakinik mutikoak atzematea gero eta zailagoa dela». Gainera, kabalkada honetan, duela bost urte eman zutenean bezala,lan bat daramate, urratsak eta doinuak lehengo maneran emateko.

Iraultza denboran debekatu dantza baten hitzak berriz hartu dituzte, doinuak eta urratsak lotuz. Eta, lehen bezala, mutxikoak gogoz ikasi eta gogoz ematen ahaleginduko dira berriz ere: «Mutxikoak entzutea eta egin ahala polit ematea zerbait da, baina gogoz jakiteak ematen dio beste aurpegi bat horri. Lehiaketa giro bat», Hiribarrenen ustez. Bide batez, iraganeko lan hori gaurkotzeko ahaleginak eginez, azkenaldian nagusitzen ari den joeretatik aparte badela zer egin ere demostratu nahi dute: «Euskal dantza aldatzen ari da. Gero eta gehiago sorkuntzetara abian dira euskal dantzariak. Eta, beraz, horri begira ere nahi genuke erakutsi zer egiteko gai garen».

Eta guztia, euskaraz. Ikusgarria bera, eta errepikak, Hiribarrenek baieztatu duenez: «Kabalkada euskal kulturan oinarritua denez, guretzat logikoki ondoan dena euskarara itzultzen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.