Bada zerbait, alajaina!: 151 parte hartzaile, 240 erakusmahai, 350 nobedade —228 liburu, 63 disko eta 19 aldizkari horien artean—, 70 kontzertu, 250 ekitaldi... Horixe da, zenbakien hizkuntzara itzulita, DAk —Durangoko Azokak— bost egunez eskainiko duena, gaur hasi eta astearteko 20:00ak arte. Baina, zenbaki horiek erakusten duten indarraz aparte, bada zerbait, alajaina!, 50 urtez euskal kulturaren urteko gune nagusi izatea, erreferentzia ezinbestekoa, Durangoko Azoka izan den bezala, eta aurrerantzean ere halaxe izateko asmo sendoarekin, gainera.
Erakundeen babesarekin gustura daude antolatzaileak —750,000 euro da aurrekontu orokorra, eta 410.000 euro erakundeek emandako babesa—, eta horren ondorioak aurtengo ekitaldian agerikoak izango direla adierazi du Nerea Mujikak, Gerediaga elkarteko lehendakariak. Erakundeek emandako babesaren atalean, aipatzekoa da Nafarroako Gobernuak 4.000 euroko laguntza eman diola aurten azokari, azkeneko hamabost urteetan ez baitio batere laguntzarik eman. Espainiako Gobernuak ere 10.000 euro jarri ditu. Dena prest dago, beraz, urteurrena zenbakiek erakusten duten bezain biribila izan dadin.
Azoka indartu egin da, gainera, azken urteotan, neurri handi batean haren inguruan zein haren barruan sortu diren espazio berriei esker. Ahotsenea, Szenatokia, Plateruena, Irudienea, Saguganbara, Kabi@, Azoka TB eta Areto Nagusiko ordezkariak izan ziren Gerediaga elkartekoekin batera aurtengo ekitaldiaren aurkezpenean, DA azoka bat baino askoz gehiago dela erakutsiz, eta azoka bat baino gehiago izate horrek azokari berari indarra ematen diola.
Gune berrien artean, hain zuzen ere, Ahotsenea da Durangoko Azokak azken urteotan izan duen sendotze prozesuan eraginik handiena izan duena; izan ere, bisitariak idazleekin eta musikariekin harreman zuzenean jarri ditu. Iaz bi eremutan banatu behar izan zuten, eta aurten ere halaxe izango da: bata, zuzeneko saioei eskainia, Landakoren ondoko kanpoko karpan; bestea, aurkezpen solasaldiei eskainitakoa, Landakoko eraikinaren barruan. Orotara, 125 ekitaldi izango dira Ahotsenean sortzaileen eskutik.
Sortzaileen gogoetak
Gune berriez gain, Gogoetaren Plaza ere gehitu diote antolatzaileek azokari. Iaz jarri zuten abian, eta harrera ona izan zuen. Aurten ere hainbat saio izango dira plaza horren barruan, eta sortzaile eta eragile ezagunek parte hartuko dute: bihar, Andoni Egaña, Asisko Urmeneta, Eider Rodriguez, Fermin Etxegoien eta Koldo Almandoz; etzi, Anjel Lertxundi, Olatz Osa, Maialen Beloki (Donostiako Zinemaldia), Dori Lopez Jurio (Nafarroako Gobernua), Xabier Monasterio (Kafe Antzokia) eta Izaro Ieregi (Okela Sormen Lantegia); etzidamu, abenduaren 7an, Jose Mari Agirretxe Porrotx, Itxaro Borda, Danele Sarriugarte, Hedoi Etxarte, Miren Amuriza eta Joseba B. Lenoir; eta asteartean, abenduaren 8an, Ruper Ordorika, Jon Maia —dantzaria—, Harkaitz Cano, Aizpea Goenaga eta Asier Mendizabal.
Aurtengo ekitaldian herrialde gonbidaturik ez da izango, eta 50. urteurrena izango da egitarauaren ardatz nagusia. «Euskal kultura bera izango da gonbidatua», Mujikak adierazi duenez. Argizaiola saria, berriz, Durangoko Azoka sortu zutenek jasoko dute aurtengo ekitaldian. Euskaldunon Egunkaria-ren oroitzapenak ere izango du presentziarik, duela 25 urte kaleratu baitzuen lehen zenbakia 1936ko gerraz geroztiko lehen euskarazko egunkariak, eta Durangoko Azokan aurkeztu baitzuten hura, 1990eko abenduaren 6an, azaleko lerroburu nagusia Durango Azokari eskainia zuela: «Gaur irekiko ditu ateak Durangoko 25. Azokak».
Ohi bezala, 10:30ean irekiko ditu gaur ateak gaur azokak. Eta, ohi bezala, ikastetxe askotako ikasle gazteak izango dira ordurako han, azoka bertatik bertara ikusteko eta ekitaldietan parte hartzeko prest.
Egitarau osoa eta informazio gehiago eskuratzeko:
durangokoazoka.eus
DURANGOKO AZOKA
Ireki ditu ateak Durangoko 50. Azokak
Gaur irekiko ditu ateak Durangoko 50. Azokak. 240 standekin eta 350 nobedaderekin ospatuko du urteurrena, gaurtik asteartera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu