«Irekia» izango da Kulturaren Euskal Kontseilua

«Euskadi ezin da uhartea izan», adierazi du Blanca Urgellek, Miren Azkarateren kritikei erantzunez

Erredakzioa
Bilbo
2010eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Kulturaren Euskal Kontseiluak «irekia izateko bokazioa» duela eta etengabe «berraztertuko» dutela adierazi zuen Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak atzo, organo horrek legegintzaldi honetan izan duen aurreneko bileraren egunean. Kultura sailburuak aukeratuak dira organoa osatzen duten 55 kideetatik 32, eta aurretik Azkaratek hautatutako 32 kideetatik bakarra berretsi du Urgellek, Patxi Salaberri euskaltzain osoa. Bilboko Guggenheim museoan egin zuten bilera kontseilukideek, Urgell sailburua lehendakari zutela.

Aurreko gobernuko Kultura sailburu Miren Azkaratek kritika gogorrak egin dizkio Kulturaren Euskal Kontseiluaren osaketa berriari eta Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuari. Kulturaren Euskal Planak euskararen zazpi lurraldeak hartzen zituen aintzat, Azkaratek azaldu duenez, eta horregatik sartu ziren Kulturaren Euskal Kontseiluan Ipar Euskal Herriko nahiz Nafarroako hainbat elkartetako ordezkariak. Halakorik ez dago orain Kulturaren Euskal Kontseiluan. Horretaz gainera, kontseiluaren funtzionamendua arautzen duen dekretuak hala egitea eskatzen badu ere, kideen hautaketa sektoreekin adostu gabe egin dela salatu du Azkaratek.

Euskal Kultur Erakundea, Euskal Kultura Elkargoa, Bertsozale Elkartea, Eresbil eta Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartea dira Kulturaren Euskal Kontseiluan ordezkaririk ez duten elkarteetako batzuk.

«Zintzoago» izateko eskaria

Aldaketak egitea guztiz zilegi dela, baina aldaketak egiterakoan «zintzoago» izateko eskatu die Azkaratek Kultura Saileko arduradunei, eta aitor dezatela euskal nazioa «minimizatu» nahi dutela «Madril aldera begiratzeko».

«Euskadi ezin da uharte kulturala izan», adierazi du Urgellek, Azkarateri erantzunez. «Guk munduari begiratzen diogu. Gure ideia da Euskadik kanpora begiratu behar duela eta ezin dela izan euskal kulturarenparke tematikoa. Euskal herritar garen neurri berean izan behar dugu munduko, eta hori pentsamendua zabalduta lortzen da, eta ez pentsamendua itxita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.