Ekainberriren inaugurazio ekitaldian, Jesus Altuna arkeologoaz gain, hainbat agintari ere izan ziren; horien artean, Alazne Olaizola Zestoako alkatea, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako kultura sailburua, Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura diputatua eta Juan Jose Ibarretxe Euskal Autonomi Erkidegoko lehendakaria.
Olaizolak Ekainberrik Zestoari ekarriko dizkion onurezhitz egin zuen: «Zalantzarik gabe, Unescok Ekain gizateriaren ondare izendatu izana da onurarik handiena, oihartzun handia eman baitio erreplikari. Orain, Ekainberriren eraginez, bisitari asko etorriko dira, etagure nahia da bisitari horiek Zestoan geratzea. Etorkizuna dugu aurrean, eta baita beste helburu batzuk ere; horien artean, Irikaitzeko aztarnategia, gure ildo estrategikoetariko bat historiaurrea delako. Gurea, iragana eta etorkizuna duen herria delako».
Azkarate kultura sailburuak egitasmoak Euskal Herrian izan lezakeen inpaktua azpimarratu nahi izan zuen: «Gure herriaren garapena eta geroa eraikitzen ari gara. Ekainberrik eragin ekonomikoa eta turistikoa izango duela espero dugu; Zestoaren onerako, baina baita, Euskal Herriaren onerako ere». Fundazioak ingurunearen babesa ere helburu duela azaldu zuen: «Hiru erakundeek bat egin badugu, Ekain babesteko eta bertako ondarea mundura zabaltzeko izan da. Hori da lortu nahi dena: Sastarraingo balio historiko-artistikoa ahalik eta baldintzarik onenetan gordetzea». Azkenik, erreplikaren egitasmoa defendatu zuen: «Erabaki zuzena izan da, Europa osoan halaxe egiten delako; labar artea deskubritzen denean, kobazulo horiek publikoari itxita egon behar dira».
Aranburu kultura diputatuak, aldiz, erakundeen arteko elkarlana izan zuen hizpide: «Ekainberri ilusio partekatuen eta hobetzeko grinaren emaitza da. Esango nuke, Gipuzkoak izan nahi duena eta gure lurraldeak eskatzen duena islatzen duela; hau da, etorkizuneko erronkak aurrera eramateko erakundeen arteko lidergo partekatua, publiko eta pribatuearen arteko elkarlana eta gizartearen inplikazioa.
Ibarretxe lehendakariak Ekainberri Euskal Herriaren iragana eta oraina batzen dituen «zilbor-heste» ikusezina zela adierazi zuen.
Irikaitzeko aztarnategia izan daiteke hurrengo pausoa
Ekain Fundazioak Ekainberri Zestoaren zein Euskal Herriaren pizgarri ekonomiko legez ikusten du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu