Iritziak trukatu eta erabakiak adosteko gune baten beharraz

Kulturgintza aginte politikoaren menpe dagoela eta hortik askatu behar dela esan dute lan saioetan

Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Kulturaren transmisioa aztertzeko, hiru lantaldetan banatu ziren soziolinguistika jardunaldietako parte hartzaileak, eta talde bakoitzak lan saio bana egin zuen. Sorkuntza eta kultura transmisioa aztertu zuen taldeak Igor Elorza bertsolaria eta Gotzon Barandiaran idazlea izan zituzten gidari; hedabideak eta kultura transmisioa aztertu zuen taldearen gidaria Alberto Barandiaran kazetaria izan zen; eta hezkuntzaren arloari erreparatu zion taldearena, Jasone Aldekoa irakaslea. Gai asko agertu ziren lan saioetako solasaldietan.

Sorkuntza eta kultura transmisioari eskainitako lan saioan, Igor Elorzak fotogrametriaren pareko ariketa egin beharra dagoela esan zuen, «geure buruaren irudi zintzoagoa» izateko dimentsio guztiak aintzat hartuta. Kulturgintzak herri mugimendua izan behar du ardatz Elorzaren ustez, nahiz eta logika instituzionala eta merkatuaren logika ere aintzat hartu. Landu beharreko bost kontzeptu ere aipatu zituen: auzolana, bat-bateko eskala —denak garrantzitsutzat jo eta denei parte hartzeko aukera emanez—, egitasmo zehatza, moldagarritasuna eta gozamena.

Gotzon Barandiaranek azaldu zuen sortzaileek, hartzaileek eta antolatzaileek elkarrekin iritziak trukatzeko eta adostasunez erabakiak hartzeko gune baten premia dagoela, eta erabaki adostu horien bidez unean uneko erakundeetako agintarien kultur politikaren menpekotasunetik askatu beharraz.

Hausnartu sarien banaketa

Lan saioen ondoren, Hausnartu IV. Euskal Soziolinguistika sariak banatu ziren: lehen saria Paula Kasaresentzat izan da, Euskararen belaunez belauneko jarraipena hizkuntza sozializazioaren paradigmatik lanarengatik; bigarrena, David Anautentzat Sartu-irten bat auzoaren etxean lanarengatik; eta hirugarrena, Maier Ugartemendiarentzat, Hezkuntza marko hirueledunaren ondorioak lanarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.