literatura

Irlanda, 'Erlea' aldizkariaren 2. zenbakiko gai nagusia

Bernardo Atxaga zuzendariak dio atalak finkatzen ari direla.

2010eko martxoaren 17a
23:25
Entzun
Kalean da Erlea literatura aldizkariaren 2. zenbakia, eta oraingoan Irlanda hartu dute gai nagusitzat. Gaur goizean egin dute hedabideen aurrean aurkezpena; hain zuzen, Saint Patrick egunean, Irlandako festa nazionalean. Aldizkariaren zenbaki berriak "bidaia bat" proposatzen du, Andres Urrutiak Euskaltzaindiako lehendakariak esan duenez -Euskaltzaindia da argitaratzailea-, "Euskal Herritik Irlandara, baina baita Irlandatik Euskal Herrira ere".

Bernardo Atxaga aldizkariko zuzendaria pozik agertu da emaitzarekin, "interesgarria" iruditzen zaiolako. Besteak beste, Seamus Heaneyren testu batzuk ageri dira, Paddy Woodworthenak, baita Patxi Ezkiagaren itzulpenak edota Txomin Artola eta Jose Angel Irigarairen testuak ere. Koldo Izagirre, Aurelia Arkotxa, Xabier Montoia, Joxean Agirre, Felix Ibargutxi, Victor Montero edota Harkaitz Canok ere idatzi dute. Juanjo Zearreta Euskaltzaindiko kudeatzailearen eta Joxemiel Bidador idazlearen omenezko artikulu bi ere badira, edo Zaldieroaren komikia eta Jose Luis Zumetaren lana -aldizkariaren azala eta Marino Lejarretaren erretratua-.

Iazko urrian sortu zuten aldizkaria, 1. zenbakia aterata, eta atalak finkatzen ari direla adierazi du Atxagak. "Jendea laguntzen ari da, eta nik idazle guztiekin hitz egingo dut, denei idatziko diet, ahots desberdinak interesatzen zaizkidalako niri. Ahotsak nahi ditut, ez dut nahi korurik". Ale bakoitzak hamabi euro balio du (Internetez erosteko, hemen).

Erlea gaur 19:30ean aurkeztuko dute jendaurrean, Bilboko Kafe Antzokian: hitzaldia egongo da, errezitaldi laburrak, bideo-emanaldia eta kantak Irlanda eta Euskal Herriari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.