Irlandak errora eraman du Ken Zazpi

Gernikako taldeak kontzertu hurbil eta sutsuak eman ditu aste honetan Dublinen, Belfasten eta Derryn

Ken Zazpi, Belfasteko AnDroichead zentroan eginiko kontzertuan, ostiralean. AMAIA ALVAREZ.
Amaia Alvarez.
Belfast
2011ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Bi bafle jarri eta musikan hasi zireneko garaien antzera aritu da Ken Zazpi aste honetan Irlandan egindako biran, agertokirik gabe. «Benetan hunkigarria izan da, oso barrutik bizi izan dugu kontzertu bakoitza», esan zuen taldeko abeslari Eñaut Elorrietak ostiralean Belfasten izandako kontzertuaren ostean. Dublinen, Derryn eta Belfasten egindako saioek haien ibilbidean pauso bat gehiago emateko balio izan dutela gaineratu zuen Jon Mikel Arronategik (ahotsa eta gitarra): «Esperientzia honek taldea asko indartuko du, nondik gatozen gogorarazi digu». Euskal Herritik, Espainiatik eta Herrialde Katalanetatik kanpo jotzen duten lehen aldia izan da Irlandako bira, eta gaur gauean, halaber, Londresen izanen dute saioa bertako Euskal Etxeak Aberri Eguna ospatzeko antolatu dituen ekimenenen barruan.

Azken urteotan arrakasta gehien izan duten talde euskaldunen artean dago Ken Zazpi. Areto handienak bete dituzte. Herenegun, ordea, haien erroetara itzuli eta ikastola txiki baten itxura duen gela batean jo zuten Belfasten. «Euskal Herrian baino baldintza okerragoetan jo dugu, eta publikoa ere txikiagoa izan da, baina kontzertu zinez hunkigarriak izan dira, oso bereziak», esan zuen Elorrietak.

Hedabide askotako agendek iragarri zituzten Ken Zazpiren kontzertuak, baina batez ere euskal kulturarekin harremana duten irlandar kultur etxeetan izan dute oihartzuna. Dublingo Whelan's tabernan ehun bat lagun bildu ziren asteartean, Derryko Sandinos tabernan 40 bat ostegunean eta 120 lagunetik gora ostiralean kultura irlandarra sustatzeko Belfasteko AnDroichead zentroan. Nahiz eta emanaldi guztietan azken diskoko kantak (Ortzemugak begietan, 2010, Elkar) eta beren abesti klasikoak —Berrogei minutu, milaka taupada, tartean— jo, ez ziren saio arruntak izan, ingelesez aparte, gaelikoz ere hitzen bat botatzera animatu baitziren.

Kontzertu guztiek beren xarma izan zuten, baina Belfastekoa berezia izan zen, Irlanda eta Euskal Herriaren arteko elkartasun gauean jo baitzuten. Ikur zeltez inguratuta, Ken Zazpik ahozabalik utzi zituen bildutako guztiak, eta batek baino gehigok kanpoan geratu behar izan zuen toki gehiago ez zegoelako.

Oro har, nahiz eta hiru saioetan ikusle gehienak euskaldunak izan, irlandar ugari ere joan ziren. Batzuek ezagutzen zuten taldea; beste batzuek, aldiz, biran ezagutu dute. Formatu txikiko kontzertuak izanda, halere, asko joan ziren taldekideekin berriketan aritzera.

Bira osoko unerik hunkigarrienetariko bat Derryn gertatu zen,Sandinos tabernan egindako kontzertuan. 36ko gerraren inguruko memoria historikoaren sustapenarekin oso konprometituta dago taberna hori, eta Ken Zazpik Gernika kanta jo baino lehen, bertako jabeak gertakari hori oroitzeko hitzaldi txiki bat egin zuen.

Irlandarekin konexioa

Jasotako harrera beroaz gainera, Elorrietak eta Arronategik Irlandako errealitatea ezagutzeko izan duten aukera nabarmendu zuten. «Egonak ginen aurretik Irlandan, baina oraingoan diferentea izan da, biziagoa, musikaren prismatik ezagutu dugu irla», adierazi zuen Elorrietak; era berean, Irlandaren eta Euskal Herriaren arteko konexioa ere nabarmendu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.