KULTURA

Irrien Lagunak Klubeko II. Eguna Gernika-Lumon, hilaren 23an

Egun osoko egitaraua izango da. Irabaziekin 'La ciudad de los niños' liburua euskaratuko dute.

2012ko irailaren 13a
16:24
Entzun

Elai Alai antzokian prentsaurrekoa eman dute gaur Irrien Lagunek, hilaren 23an Gernika-Lumon (Bizkaia) egingo duten Irrien Lagunak Klubeko II. Eguna aurkezteko. Bertan izan dira udaleko eta ikastolako ordezkariak ere. Egun osoko egitaraua prestatu dute: ikuskizunak —Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Kultura Plazara, Kantu eta Dantza...—, haurrentzako tailerrak, puzgarriak, jolasak, apar festa, dantza taldeak, Gernikako musika eskolaren emanaldia, entzierroa, buruhandiak, bazkari herrikoia...

Gernika-Lumoko udalak babestu du jaialdia eta herriko hainbat eragilek lagunduko dute antolaketa lanetan. Bigarren ekitaldi horretan lortutako etekinen parte bat Francesco Tonucciren (1941, Fano, Italia) La ciudad de los niños liburuaren euskaratzera eta ekoizpena sustatzera bideratuko da —Txatxilipurdi elkartearen Berramesten proiektuaren baitan—.

Tonucci bera Euskal Herrira etortzera gonbidatuko dute Irrien Lagunek, haurrek hezkuntzan eta herrigintzan izan behar duten garrantziaz hitzaldi batzuk ematera.

Iaz Usurbilen egin zuten Irrien Lagunak Klubaren I. Eguna. Haur eta guraso ugari bildu zen. Irabaziak Etiopia Utopia elkarteak hango Wukro herrian duen jarduna laguntzeko erabili ziren. 

2010eko udazkenean jarri zuten Irrien Lagunak proiektua abian. BERRIA Taldea da egitasmoko kideetakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.