Iruña-Veleia auzia

Iruña-Veleiako idazkunak garaikideak direla diote Espainiako Kultura Ministerioko teknikariek

Idazkunetan altzairu herdoilgaitz arrastoak aurkitu dituzte, bai eta urrezko eraztunen baten igurzketaren ondoriozko urre partikulak ere. Horregatik diote idazkunak garaikideak direla. 'El Correo' egunkariak eman du albistea, Espainiako Ondare Kulturalaren Institutuko teknikariek egindako ikerketa oinarri hartuta.

Aztertutako idazkunetako bat.
Inigo Astiz
2014ko urtarrilaren 30a
18:43
Entzun

Hogeita hemeretzi ostraketako idazkunak ikertu dituzte teknikariek, guztira, eta haietariko 35 garaikideak direla ondorioztatu ahal izateko zantzuak aurkitu dituzte. Ikerketa osoa ez da oraindik publiko egin, baina hura oinarri hartuta eman du albistea gaur El Correo egunkariak. Teknikarien txosteneko hainbat pasarte ere bildu ditu: “Aztertutako 35 piezak nahikoa anomalia ageri dituzte, grafitoak garaikide direla esan ahal izateko”.

Zeramika mota, neurri eta ezaugarri ezberdinetako piezak aztertu dituzte, eta baita hainbat hizkuntzatako testuak dituztenak ere. Latinez daudenak, marrazkiak dituztenak, ea baita euskarazko testuak dituztenak ere. “YAVII/ ZVUTAN/IZANA” dioena, adibidez. III., IV. eta V. mendekoak ziren idatzi horiek Eliseo Gil Iruña Veleiako aztarnategiko zuzendariaren eta hark gidatutako taldeko kideen hitzetan. Euskaraz inoiz idatzitako lehen hitzak aurkitu zituztela azaldu zuten 2006an. Garaikideak direla dio orain Espainiako Ondare Kulturalaren Institutukoek egindako ikerketak, El Correo egunkarian azaldu denez.

Ostraken gainazala da teknikariek ikertu dutena. Gasteizeko 1. Instrukzio Epaitegiak 2009an abiatutako auziaren barruan egin dute ikerketa, eta El Correo egunkariaren arabera, urriaz geroztik du epaileak txosten horren berri. Zeramika gainean egindako arrastoak dira zehazki teknikariek ikertu dituztenak, eta marka horiek egiteko erabilitako tresnen arrastoak bilatu dituzte. Eta hor agertu dira anomaliak. Burdin herdoilgaitz arrastoak aurkitu dituzte, esaterako, eta XX. mendean agertutako materiala da hori.

Erromatar garai osteko metal aleazio arrastoak ere aurkitu dituzte, eta baita nikela, alpaka, cuprita eta urre hodeiak ere. El Correo egunkarian aipatzen den txostenaren pasartearen arabera, “eraztun” baten eta zeramikaren arteko igurzketaren ondorioz eduki ditzakete ostrakek urre partikula horiek.

Gainera, arrasto horietan ez da lurpean igarotako denboraren ondoriozko herdoiltze prozesuaren zantzurik ageri, egunkariak aipatzen duen txostenaren arabera. Arrastoak aztertuta, idazkunak behin lurpetik atera ostean egindakoak direla ere azaltzen dute teknikariek.

Hiru pieza erdi jatorrizko, eta jatorrizko bat

Ikertutako 39 piezetatik 35 dira garaikideak txostenaren arabera. Hiru piezaren kasuan, teknikarien hitzetan, litekeena da grafito horiek originalak izatea, “gerora egindako ukituren batekin”. Izar bat, "NISA" hitzak dituen ostraka bat eta "FO" hitzak dituen beste bat dira hiru ostraka horiek. Eta bada originaltzat hartu duten pieza bat ere. Garia du marraztuta piezak.

Frogak ez dituzte balekotzat eman, indusketaz arduratzen zen Lurmen enpresako kideek eta SOS Iruña-Veleia elkarteko kideek. Haien hitzetan, gaizki egin da ikerketa, eta prentsaurrekoa deitu dute bihar Gasteizen, zehaztapenak azaltzeko. Aurreratu dute beren argudiaketaren zati bat, halere. Diotenez, institutuaren ikerketa "zentzunaren eta arkeometriaren aurkako erasoa" da. "Piezak sei urtez egon dira zaintzarik gabe, akusatzaileen eskutan, honek ekar dezakeen guztiarekin. Bestalde, laborategiak piezak modernoak direla esateko ematen dituen ustezko frogak antifrogak dira beste ezer baino gehiago".

Iziar Lamarain Arabako Euskara, Kultura eta Kirol diputatuaren agerraldia eskatu du gaur bertan EAJ alderdiak. Espainiako Kultura Ministerioaren menpeko institutuak egindako ikerketari buruzko azalpenak eskatuko dituzte.

Iraultzailea izan zen aurkikuntza. Aztarnategian aurkitutako piezak III. IV. eta V. mendekoak zirela esan zuen 2006an Eliseo Gil aztarnategiko zuzendariak gidatutako taldeak. Eta euskarazko lehen idazkiak ere baziren tartean. Zalantza hazten joan, ordea, eta hainbat adituk pieza haiek faltsuak zirela adierazi zuten. Piezak faltsuak zirela esaten zuen aditu sorta horretan ziren, adibidez, Joakin Gorrotxategi eta Joseba Lakarra hizkuntzalariak. Ordura arte indusketa zeraman Lurmen enpresari kontratua eten zion Arabako Foru Aldundiak adituen iritzi horiek oinarri hartuta. SOS Iruña-Veleia taldeak, ordea, ostraken benetakotasuna defendatzen jarraitu du geroztik, eta hainbat ikerketa eta kongresu antolatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.