Ford Coppolak Joe Gores idazlearen Hammett nobelaren eskubideak erosi zituen 1975ean, eta zuzendari baten bila ekin zion; Roeg eta Truffautek ezezkoa eman ostean, Wendersek eskaintza onartu zuen. Desadostasun eta liskarrengatik ezaguna da Hammett filma (1982). Zinema ulertzeko modu guztiz kontrajarriak zituzten: ekoizleak istorioari eman zion garrantzia, baina Wendersek beste lehentasun batzuk zituen. New Hollywood aroko ordezkari esanguratsua zen amerikarra, baina haren estiloa eredu klasikotik gertu zegoen. Dusseldorfeko egilea, berriz, irudien edertasunarekin obsesionatuta zegoen; zinemaren lengoaiak kezkatzen zuen, eta omenaldi eta erreferentziaz jositako filmak burutzen zituen. Alemaniarraren aburuz, istorioa ez zen garrantzitsua. Zinema primitiboan gertatzen zen moduan, ikuskizuna zen axola zuen gauza bakarra, eta istorioa aitzakia bat besterik ez zen.
Zinema primitiboaren garaian pelikulak oso laburrak izan ohi ziren; hortaz, ez zegoen istorio sakon eta landu bat garatzeko beharrik. Europarren esperientziaz baliatuz Hollywoodeko arduradunak iraupen luzeko filmak eginez mozkin gehiago izan zitzaketela konturatu ziren, eta erabakia instituzionalizatu egin zuten. Geroztik, film estandar baten iraupena 75 minutukoa izango zen. Jada gag eta persekuzioak ez ziren nahikoa; istorio bat asmatu beharrean aurkitu ziren. Antzerkira eta literaturara jo zuten, eta Aristotelesen eredua bereganatu zuten. Istorioak hasiera, garapena eta amaiera izango zituen. Orduan jaio zen eredu klasikoa. Protagonistaren ekintzen bidez egiten zuen aurrera tramak; kausa eta ondorioaren arteko dialektikak agintzen zuen. Zineman, filosofiaren historian bezala, arrazoimenaren mesedetan baztertu izan dira zentzumenak, eta horrek ondorio kaltegarriak ekarri ditu. Zinema hitzaren tiraniatik askatzeko garaia da. The Tree of Life, Faust eta Los pasos dobles sarituen ostean antzerki filmatuaren amaiera hurbilago ote dago?
Zinema. Estreinaldiak. Fantasien gatibu
Irudiaren boterea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu