2008ko azaroaren 19an adierazi zuen Arabako Foru Aldundiak faltsuak zirela Iruña Veleian aurkitutako ostraketan ageri ziren testuak eta bestelakoak. Zazpi urte igaro dira ordutik, eta auziak epaitegietan jarraitzen du oraindik. Hala ere, aste honetan Ertzaintzak epailearentzat eginiko txostena argitaratu du El Correo egunkariak. Txostenak erabaki hura berretsi baino ez du egiten; alegia, faltsuak direla dio. Are gehiago, “arkeologian inoiz egin den faltsukeriarik handiena” dela dio, eta ordu hartan indusketa lanen arduradun zen Lurmen enpresa jo du erantzule gisa, nahiz eta aitortu “zailtasunak” daudela erantzule indibidualak zehazteko orduan.
Bada, txostenari erantzun diete Eliseo Gil eta Idoia Filloy arkeologo auzipetuek. Ertzaintza “hipotesietan” oinarritu izana salatu dute. Gainera, 700 orri baino gehiago dituen txosten horrek ez du froga fisikorik aurkezten, eta erabilitako metodologia ere ez da zuzena izan, bi arkeologoen hitzetan. “Hipotesietan, balizko aukeretan eta hainbat argudiotan oinarritutako irudimen ariketa bat aurkeztu dute”.
Alde horretatik, piezak egiazkoak diren ala ez jakiteko arkeologoek frogak egiteko eskatu arren auzitegiak ukatu izana ere salatu dute. Hori dela eta, piezak nazioarteko laborategi batean aztertzeko eskatu dute, beste behin.
Era berean, auzipetutako arkeologoek adierazi dute une gogorrak igarotzen ari direla. “Salbuespenezkotzat jo genituen pieza batzuk aurkitu eta gizartearekin partekatu nahi izana da guk egin dugun delitu bakarra”.
Iruña Veleiako ostrakak faltsuak lirateke, Ertzaintzaren txosten baten arabera
Arkeologoek salatu dute hipotesietan oinarritu direla eta froga fisikorik ez dutela aurkeztu. Epaitegietan dago auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu