Iruñera iritsiko da aurten Musikagileak, musika garaikidearen zirkuitua

Gaurtik urriaren 26ra, zortzi emanaldi egingo dituzte beste hainbeste taldek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan

Erredakzioa
Donostia
2011ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Euskal Herriko sortzaileen lanak zabaltzea da Musikagileak zirkuituaren helburua, eta, horretarako, aurten zirkuitua bera zabaltzea erabaki dute antolatzaileek. Iaz sei kontzertu egin zituzten, eta zortzi izango dira aurten; orain artean Donostian, Bilbon eta Gasteizen egiten ziren, eta orain, berriz, haietan ez ezik, Iruñean ere egingo dituzte. Bihar hasi eta urriaren 26ra bitarte eskainiko dituzte zortzi emanaldiak.

Antolatzaileen esanetan, musika garaikidea ez da adituen kontua soilik, publiko zabalarena baizik, eta entzule berriak erakartzea da jaialdiaren helburuetako bat. «Programatzen diren musikak eta musikariak oso era ezberdinetakoak dira, anitzak, mundu zeharo ezberdinetakoak kasu askotan», Ramon Lazkano Euskal Herriko Konpositoreen Elkarteko lehendakariordearen esanetan.

Daniel Oiarzabal gasteiztarrak eskainiko duen organo errezitaldiak irekiko du zirkuitua gaur, 20:00etan, Donostiako San Bizente elizan. Etzi, berriz, KLEM-KURAIA Musika Elektro-Akustikoko Laborategiko kideen txanda izango da. Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan ariko dira, 20:00etan.

Urriaren 4an Alfonso Gomez gasteiztarrak piano errezitaldia eskainiko du Bilboko Campos antzokian, eta leku berean ariko da Sigma Project haize laukotea bi egun geroago.

Gasteizen, urrian, Jesus Guridi musika eskolako auditoriumean izango dira emanaldiak: Bortz soka boskotearena urriaren 18an, eta Ensemble Kuraiarena 20an.

Iruñean, berriz, Bertrand Chavarriaren eskutik gitarra errezitaldia izango da urriaren 25ean, eta Musikusvierena hurrengo egunean, biak Civicanen. Mahai inguruak eta solasaldiak ere egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.