Zinema. Estreinaldiak

Iruzurgilea harrapatzeko nahian

Rodrigo Cortes galiziarrak AEBetako aktoreekin egin du lan 'Red Lights' filmean, tartean Robert De NirorekinElementu paranormalak biltzen dituen thrillerra egin du zuzendariak

Sigourney Weaver da filmeko protagonista nagusia, nahiz eta publizitateak Robert De Niroren izena nabarmendu duen. BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Hamarkada batean zinemagile gazte askok amesten dutena lortu du Rodrigo Cortes zuzendari galiziarrak, Robert de Niro handia bere aginduetara izatea. Aktore estatubatuarrak ez du bere garai artistiko gozoena bizi; baina, hala ere, hura da Red Lights thrillerrak duen amu nagusia. Ez da protagonista nagusia, baina haren izena oso nabarmen agertzen da karteletan eta promozio material osoan.

Cortes gazteak nekez uste izanen zuen 2007an Concursante filma estreinatu zuenean halako ekoizpen handi bat aurrera eramateko aukerarik izanen zuenik. 2000. urtean hasi ziren haren izen-abizenak ezagun egiten, 15 días film laburrari esker. Sari asko izan zituen estreinako lan horrek, kontsumo gizartearen ispilu gordina zen dokumental faltsua.

Kontsumo gizartearen gehiegikeriak ere jomugan izan zituen bere lehen film luzean, Concursante-n. Martin Circo protagonistak telebista lehiaketa baten kontura zituen gorabeheren bitartez, gaur egungo gai askori kritika egiteko baliatu zuen zuzendari gazteak. Filmak ez zuen oihartzun handirik izan, nahiz eta oso kritika onak izan zituen.

Bigarrenak, ordea, askoz arreta handiago piztu zuen. Ofizialki espainiarra zen Buried, baina oso bestelako bokazioa zuen, Hollywoodera begira egindako filma baitzen. Alfred Hitchcocken amarru zaharrak gaurkotuz, Rodrigo Cortesek oso film sendo eta guztiz itogarria lortu zuen. Pertsonaia eta agertoki bakarrekin, ariketa zinematografiko ezin interesgarriagoa izan zen Buried.

Kontu paranormalak

Hirugarren pelikularekin bere bokazio transnazionala baieztatu du zinemagile galiziarrak. Berriro ere, ekoizpen espainiar gisa agertzen zaigu Red Lights, baina diru eta asmo estatubatuarra duen ekoizpen bat da. Oraingoan askoz ere aurrekontu handiagoa maneiatu ahal izan du zuzendariak; honek ez du zerikusirik Buried izan zen pelikula merkearekin, ekoizpen garesti samarra da. Hain zuzen ere, aurrekoak aukera eman zion honako hau egiteko, Buried egin zuenerako Red Lights» izanen zenaren gidoia idatzia eta amaitua baitzuen Cortesek.

Elementu paranormalak dituen istorioa eta thrillerra uztartu nahi ditu filmak. Bi protagonista nagusiak gertaera paranormalekin lotutako iruzurrak ikertzen dituzten bi ikerlari dira, Margaret Matheson beteranoa eta Tom Buckley haren laguntzaile gaztea. Haien lana, iruzurgile askok egiten dutena agerian uztea da.

Simon Silver garai bateko parapsikologorik ezagunena izan zen, eta denbora luzez erretiroan izan ostean berriro ere jendaurrean agertzea erabakiko du. Haren jarduera zientzia ortodoxoarentzako erronka handia da, eta bi ikerlariak Silverren jokamoldeak aztertzen hasiko dira.

Kontua da prozesu horretan Buckley gaztea Silverrekiko halako erakarpen misteriotsua sentitzen hasiko dela. Zenbat eta gehiago ikertu, orduan eta ulergarriago eginen zaio ikerlariari bere jokabide maltzurra.

Robert de Niro ez da Red Lights honetan dagoen aktore ezagun bakarra. Sigourney Weaverrek egin du Matheson doktorearena, eta Cillian Murphyk, laguntzaile gaztearena. Toby Jones eta Elisabeth Olsenek ere rol inportanteak dituzte istorioan. Haiekin batera, Rodrigo Cortesen lehen pelikulan protagonista lana egin zuen Leonardo Sbaraglia dago.

'RED LIGHTS'

Zuzendaria: Rodrigo Cortes.

Aktoreak: Robert De Niro, Elizabeth Olsen, Cillian Murphy, Sigourney Weaver, Joely Richardson, Toby Jones, Burn Gorman.

Herrialdea: Espainia.

Urtea: 2012.

Iraupena: 119 minutu.

Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.