Frankismo betean katalanez idatzi zuen lehen ipuinarekin negar egiteraino hunkitu zela gogoratu zuen 2017an Isabel-Clara Simo idazleak (Alcoi, Herrialde Katalanak, 1943- Bartzelona, 2020), Kataluniako Letren Ohorezko Saria eman zioten egunean. “Lehenengoz idatzi nuen pentsatzen nuen hizkuntzan”. Hizkuntzaren eta Herrialde Katalanen askatasunaren alde egin zuen lan bizitza osoan, eta horren defentsa ere egin zuen ekitaldian. Jose Mari Pastor zutabegileak ere hartu zuen gogoan sari banaketa hura Berria egunkarian, esaterako, 'Zipaioak' Katalunian artikuluan. Galeusca egitasmoak antolatutako ekitaldietan ere parte hartua zen idazlea, eta izen garrantzitsua da azken lau hamarkadetako Kataluniako literaturan. Idazle nekaezina izanik, 50 liburu baino gehiago argitaratu ditu. Astelehenean hil da, 76 urterekin.
Filosofia ikasketak egin zituen Valentziako Unibertsitatean. Han ezagutu zuen Joan Fuster kide zuen katalanaren aldeko mugimendua, eta baita bere senar ra izango zena ere, Xavier Dalfo kazetaria. Canigó aldizkariaren azken zuzendaria izan zen Simo 1972tik 1983ra arte. Frankismo betean, katalanezko artikuluak ere argitaratu zituzten publikazio hartan, eta, horren ondorioz, hainbat zigor jaso zituzten. Solidaritat Catalana per la Independencia-ko kide egin zen gerora, Kataluniako Generalitateko Kultura Departamentuko liburu alorraren ardura ere hartu zuen, eta katalanezko idazleen elkarteko lehendakariorde ere izan zen hiru urtez.
Zaplaztekoak eta indarra
Victor Catala saria irabazi zuen 1978an, eta hari esker argitaratu zuen lehen liburua, 1979an: És quan miro que hi veig clar. Hasiera besterik ez zen hori, ordea, gerora ia genero guztiak landu baititu bere testuetan: eleberriak, ipuin bildumak, antzezlanak, memoria liburuak zein poema bildumak argitaratu ditu, eta luzea da jasotako sarien zerrenda ere. Nabarmentzkoak dira, adibidez, Alcoi-Nova York (1985), Històries perverses (1992), Perfils cruels (1995), Dones (1997), Estimats homes (una caricatura) (2002), Homes (2010) eta Angelets (2004) lanak. Hamaika hizkuntzatara itzuli dizkiote lanak urteotan guztiotan, eta, tartean, euskaraz ere irakur daitezke haren Dorak ezetz dio,Julia eta Joel liburuak.
Besteak beste, hitz egiteko gaitasunari eragiten zion gaixotasun degeneratibo bat zeukan, eta, horregatik, azken urteetan nabarmen egin zuten behera haren agerpen publikoek. Idazteko gogoz jarraitzen zuela esaten zuen jendaurreko agerraldietan, eta Tiana Negra jaialdian egotekoa zen ostiralean.
“Askatasunen, emakumeen eta haurren” alde egindako urteetako lana saritu nahi izan zion Omnium Cultural elkarteak Kataluniako Letren Ohorezko Sariarekin, eta bere konbikzioak argi adierazi zituen saria jaso aurreko egunetan eskainitako elkarrizketetan. “Gogo handia dut independentista izateari uzteko”, esan zuen, “horrek esan nahi bailuke Herrialde Katalanak jadanik independente ikusi ditudala”. Sariagatik esker ona adierazi zuen jaso aurretik, baina ez zuen mina ezkutatu. “Maiz esan didate emakume eta andreentzat idazten dudala, baina gezurra da. Baztertuta sentiarazi nau horrek, nik mundu guztiarentzat idazten baitut. Eta, halere, ez dut amorerik eman: jaso dudan zaplazteko bakoitzaren ostean, indar gehixeago bildu dut”.