Bi ahotsetara

Isiltasunak aztoratzen nau

Xabier Erkizia.
2011ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Isiltasunak kezkatzen nau. Edo kezkatu baino gehiago, aztoratu. Ez da soziologoek garai hauetako eritasun psikologikoen zerrenda amaigabean isiltasunari beldurra izena eman dioten sindrome horri buruzko ezer. Ez diot beldur etxera iristerakoan topa dezakegun isiltasunean sortzen den horror vacui horri. Eta oraindik ez dut isiltasun deserosoa hautsiko duen telebistaren edo irratiaren orroa automatikoki pizteko beharrik. Oraindik ez. Nire kezkak ez du zerikusirik kutsadura akustikoaren gehiegizko gailentzearekin, ezta ekologiarekin ere. Ez du norberaren pentsamenduak entzuteak sortzen duen beldurrarekin zerikusirik ere. Oraingo honetan ez behintzat.

Orokorrean, isiltasuna maite dut. Isiltasunean ederra topatzen gozatzen dut. Soinu adina isiltasun dagoela onartzeak, horietako bakoitzak izan ditzakeen erranahien ugaritasuna ulertzen ikasi dut. Ezingo ditut denak ulertu, ezta osorik ere, ados. Baina gustatzen zait itxura batean hutsa den horretan erranahiak topatzea, hotsik gabeko hitzak aditzea. Hitzek erran ahal ezin dutena ulertzea.

Uler dezaket norberaren erabakiz, gogoz eragindako isiltasuna. Gehiago hitz egin nahi ez, eta betirako isiltzeko erabakia hartzen duenaren hutsa. Uler dezaket, Joxerra. Uler ditzaket bizitzaren mugak, muturrera iristerakoan eragiten dituzten isiltasunak. Arnasa akitzen denean sortzen direnak. Uler ditzaket, Joxemari. Baina benetan aztoratzen nau agindutako isiltasunak. Aztoratzen nau errateko hainbertze eduki eta ustekabean bortxaz sortutako isiltasunak. Bidean gelditu baino gehiago, bidean galdu diren, ebatsi dizkiguten hitzek sortzen duten ezintasunez betetako isiltasunak. Horiekin ezin dut, Mikel.

Behin, entzumenari buruzko tailer bateko eztabaida saio batean, isiltasuna hizpide genuela, parte hartzaile batek inoiz egin didaten galderarik konplexuenetako bat bota zidan: Benetan prest al gaude gizakiak isiltasunean bizitzeko? Ezin izan nion irribarre lotsati batekin baino erantzun. Gaur, ezta hori ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.