Goizeko kronika

Isiltasunak hunkitu ditu

Goiz osoan giroa bero izan den arren, kartzelako gaiak sortu du hunkidura handiena goizeko saioan. "Atetik sartu zarenean, isildu egin dira denak" gaia eman diete bertsolariei.

BEC-eko Bizkaia Arena jendez beteta, Mailen Lujanbiok kartzelako ariketan bota dituen bertsoei adi. MARISOL RAMIREZ, ARGAZKI PRESS
Oihana Elduaien Uranga.
2017ko abenduaren 18a
15:00
Entzun

Igor Elortza izan zen abesten aurrena. Gaixo baten rolean jarri zen, eta ezin hobeto azaldu zuen diagnostikoa jaso ondoren gaixoa etxera datorrenean sor daitekeen ezinegona. Hitz egin nahi eta ezina. Hau izan zuen azken bertsoa: "Nahiz ta bakoitzak bere baitara / badaukan nahiko esamez / isili-isilik jezarri gara / elkarri dena esanez".

Aitor Sarriegi, bigarren, ikastolako irakasle gelara sartu zen. Gazteleraz sarri egiten ei duten irakasleei kontu hartzen aritua sartu zenean, denak isilik. "Eta nolakoa izango da /gure etorkizuna / haurrei eskatu ezkero / geuk egiten ez duguna". Ordura arte goizeko txalo zaparrada handiena hortxe-hortxe.

Maialen Lujanbiok gainditu zuen aurreko zalaparta. Heroinak harrapatuta handiak egin eta etxetik alde egitera iritsi zen baten rola hartu zuen. Deskribapen gaitasunarekin, gabon gaueko afarian ikusi zuten beren burua entzuleek. Honela amaitu zituen hiru bertso mamitsuak: "barkamen eta azalpen beharrik / ez daukazue nerekin / ta neri ere mesedez utzi / isilik geratu nadin".

Carles Puigdemonten larruan sartu da Unai Agirre: "sartu naiz eta gelditu dira / danak mutu gorri-gorri / hortan sainale etzaizkigula / negoziatzera etorri", amaitu du bigarren bertsoa. Kataluniarekiko elkartasun oihuak sortu ditu horrek BECen.

Gaztelumendi gurasoekin Marokotik etorrikotako haur baten gorpuan jarri zen: "Isilik dagoen horrek / dena esaten du sarri" amaitu du lehen bertsoa, eta honela hirugarrena: "jar gaitezen aurrez aurre / eta hitz egin dezagun".

Sustrai Colina, berriz, aita hil zaion baten gorpuan jarri zen. Kuadrillakoen asteroko afarira joan da: "baina begira dauzkat hilotza / neu izango banintz eran / eztaukat garbi irribar egin / edo sanmigel bat edan / ez haiek aupa Sustrai esan ta / ala besarkada eman", amaitu zuen bigarren bertsoa. Eta honela errematatu zuen lana: "Baina dolua erakusten du / bakoitzak bere modura".

Amets Arzallus Parisko atentatuen biharamunean mairu izate hutsagatik susmagarri denaren rolean jarri zen: "poliziak baletoz maiz / ohi duten gisan / babestu nazazue / sotoko gerizan  / poliziak baletoz maiz / ohi duten gisan / esan zaiezue ni / enaizela izan".

Lujanbiok jarritako egoera berberean jarri zuen entzulea Mendiluzek ere: gabon gaueko afarira joan zen, zazpi urtean joan gabe egon ostean. Bigarren bertsoa honela amaitu zuen: "Haserretu ta lehenago / urrundu nintzen zeharo / ez itzultzeko gehiago / gero errudun sentitzeraino / sentitu ez banintz nahiago / nork du errua zertan galdetu / zuen begietan dago". Amaierarekin irabazi du entzulea: "ez, ez kezkatu segi hizketan / ez bainator geratzera / amari musu emango diot / eta banoa etxera".

Hasieratik indartsu

Gogotsu hasi ziren bertsolariak, agurretatik bertatik entzuleak hunkituz. Azpimarratzekoa Lujanbiok bertsolaritzari buruz bota zuen esaldia: "Gure buruaren kontra / gure munduaren alde".

Bertsozalea gogoz zen, eta txaloa erraz. Baina merezi gabekorik ez zen izan. Gogotsu etorri ziren bertsolariak ere, eta ezagun zuten. Zortziko handiko eta zortziko txikiko saioak oso txalotuak izan ziren. Puntu erantzunetan eta hamarreko txikian apur bat epeldu zen giroa, baina ariketa guztietan entzun ziren argudio onak. Orokorrean, denek albokoari entzun eta erantzun egin diote temako ariketetan.

Esate baterako, Lujanbiok eta Agirrek entzuleak poltsikoratu zituzten zortziko handian, publizitatearen aurrean jarrera ezberdina zuten bi kirolariren rolean. Hala amaitu zuen bertso bat Lujanbiok: "Futbolarioi ez digute ta / pentsatzearren ordaintzen". Eta Agirrek publikoarekin bat egin zuen: "Sagarduana igual eingo det / Unaik eskatu ezkero".

Hamarreko txikian ondo ezagutzen duten toki batean jarri zituzten Colina eta Arzallus: musikariak ziren, eta musutruk jotzeko eskatu zieten herrian, berriz ere. Hala esan zuen Colinak: "Baflea jartzen duna  / entzun dadin ozen / hoiek ez dira inoiz / debalde etortzen". Eta Arzallusek: "Nahiz herri ta musika / zaigun bai gustatzen / gu beti debalde ta / horiek kobratzen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.