Literatura. 'EROMENAREN MENDIETAN'

Itotzen nauzu goxoki

Leire Lopez Ziluaga.
2011ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Egilea: H.P. Lovecraft.

Itzultzailea:Ainara Ruiz Benito.

Argitaletxea:Alberdania & Elkar.

Harrigarria da fantasia eta beldurrezko literatura hain gutxi itzuli izana euskarara, eta ez naiz Literatura Unibertsala bildumari buruz ari —edo ez hari buruz bakarrik—. Erratuta egon naiteke, baina itzulpen gutxi izan dituzten beste arlo batzuek ez bezala —poesia, esaterako—, uste dut euskal merkatuan ontzat jo daitezkeen salmentak izan ditzaketela genero horietako liburuek. Esanguratsua da orain arte H.P. Lovecraft euskaraz irakurtzeko aukerarik eduki ez izana, XX. mendeko beldurrezko literaturaren izen handienetako bat bada ere. Haren lanetan mitologia oso bat sortzeko gai izan zen idazle estatubatuarra —Cthulhuren mitoetan izan zuen adierazpenik behinena—, eta bide berriak ireki zizkion beldurrari literaturan. Eromenaren mendietan 1931. urtean idatzi, eta 1936an argitaratu zuen aldizkari batean, hil baino urtebete lehenago.

Idazleak ez ditu bere eraginak ezkutatzen. Liburuaren hasiera-hasieratik aipatzen ditu Poe, Lord Dunsany, Nicholas Roerichen irudiak, eta abar. Kasu honetan, Poek The Narrative of Arthur Gordon Pym lanean irekita utzi zuen bideari jarraitu ziola ere esan zuen berak.

Zientzialari bat dugu hemen narratzaile. Antartikara egindako espedizio baten buru izan zen, eta, toki bererako beste espedizio bat egitekotan direnez, han bizi izandakoak kontatzen ditu, beste zientzialari batzuk hara abia ez daitezen. Berez, bidaia horren kontakizuna egina zegoen aurretiaz, eta aurreko hartan esan gabe utzitakoen gainean eraikiko du narrazioa. Antartikako lurzoruan hainbat zulatze egin eta mineral eta abarrei buruzko informazioa jasotzea zen haien helburua, baina istorioak beste bide bat hartuko du fosil bitxiren bat aurkitu eta, horren ondorioz, gizakia sortu aurreko hiri batekin topo egiten dutenean.

Espedizioaren nondik norakoak zehaztasun zientifikoz kontatuta daude hasiera-hasieratik, eta narratzailea zientziaren ikuspegitik saiatuko da ulertzen eta azaltzen zientziak onartuko ez lituzkeen aurkikuntzak. Hauxe dio narratzaileak 56. orrialdean: «Lau ordu eta erdiko hegaldi horretako xehetasun guztiak gogoan tinko ditut betiko, hain izan baitute garrantzi handia nire bizitzan. Horrexek eragin zidan, berrogeita hamalau urte nituela, gogoak naturaz eta natur legeez normalean izaten duen usadiozko kontzepzioak ematen dituen bake eta oreka guztiak galtzea». Ikusi zuena ezin da azaldu errealitatearen ikuspegi arruntaren bidez, baina, hala ere, modurik objektiboenean azaltzen saiatuko da, idazten ari den txostenaren irakurleak nekez sinetsiko duela jakinik. Ez da harritzekoa sasoi hartan enpirikotzat jotzen den errealitatea kolokan jartzen duen liburu hau argitaratu izana, zientzia bera ere errealitate enpirikoa berriro definitzen ari zela kontuan hartzen badugu. XX. mendeko subjektuek positibismotik egungo egoerara izandako prozesu oso bat defini dezake letra etzanez markatutako esaldiak.

Nabarmentzekoak dira tokien nahiz izakien deskribapen ezin zehatzagoak, eta irudi indartsuak sortzeko gaitasuna; xehetasun guztiekin ikusten du irakurleak narratzailea ikusten ari den guztia. Iradoki beharrean atea guztiz ireki eta iradokitako horren atzean zer dagoen erakustea egotzi izan zaio idazleari, baina, askotan, zailagoa da munstroa erakutsi eta liburuak funtzionatzen jarraitzea, iradokipen hutsaz baliatzea baino. Lovecraftek ez du behar ikusten ez den zerbaiten presentzia giro itogarria sortzeko, hori ere badagoen arren; nahikoa du ikusten ari denak sortzen dituen irudiekin giro hori sortzeko.

Bikaina liburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.