Halakorik egiteko asmorik ez bazuen ere, Apaizac obeto liburua idatzi eta gero izenburu bereko film dokumentala zuzendu du Jon Maiak, Albaola elkarteak duela lau urte antolatutako izen bereko espedizioan izandako esperientzian oinarrituta. Filmak erakusten duen bezala, Jon Maiak eta gainerako espediziokideek Beothuk txalupa eraiki zuten, XVI. mendeko Euskal Herriko arrantzaleek egiten zituztenen tankera berekoa, eta arrantzale haiek ibilitako uretan ibili ziren arraunean, haiek bezala jantzita eta haiek jaten zutena jaten. Herenegun aurkeztu zuten filma Donostiako Aquariumean, gonbidatutako publikoaren aurrean, baina oraindik ez dago jakiterik noizizango duen jendaurreko estreinaldia. Bien bitartean, euskarazko kopiaz gain, ingelesezko, frantsesezko eta gaztelaniazko kopiak ere prest ditu Orio Produkzioaketxeak, interesgarri irizten dion jaialdietara aurkezteko.
Arraunlari eta kronikagile moduan joan zinen espediziora, baina filma ere zuk zuzendu duzu azkenean, hala aurreikusita ez bazegoen ere.
Hala da. Espediziotik etorri eta gero, kronika jaso zuen liburua idatzi nuen. Gero, ikus-entzunezko hitzaldiak ematen ibili nintzen herriz herri, irudien proiekzioekin lagunduta. Ez zegoen aurreikusita filma nik zuzentzea. Baina filma zuzendu behar zuen espediziokidea muntaketa egiten hasi zenean, gorabehera batzuk sortu ziren eta eten egin zen proiektua. Ezin izan ziren arazoak konpondu, eta Orio Produkzioak etxeak erosi zituen irudiak. Orduan ni jarri ninduten zuzendari, grabatutako materialarekin gidoia eta muntaketa egiteko, eta istorioa neure erara kontatu dut.
Material asko zegoen grabatuta?
Izugarri! 120 ordutik gora! Zaila izan da material bolumen horrekin lan egitea. Baina, liburuarekin egindako lanari esker, argi nekien zer eta nola kontatu nahi nuen. Abenturaren eta historiaren arteko konbinazioa egin nahiizan dut, hasieratik. Asmoa izan da orain artean oso modu historizistan tratatu izan den gai bat, filmak kontatzen duen itsas epopeia hori, bai Euskal Herriko eta bai munduan zeharko publiko zabalari era erakargarri eta ulergarrian aurkeztea, espedizioaren berezitasuna eta erakargarritasuna erabiliz horretarako. Hori dena mundu osoko adituen zigiluarekin eta zorroztasun zientifikoarekin.
XVI. mendean Euskal Herritik Atlantikoaren bestaldera joaten ziren arrantzaleak errespetu eta miresmen handiz omentzen ditu filmak.
Omenaldia da, baina baita aldarrikapena ere. Zientzialariek esaten dutenez, itsasontzi haiek munduko aurreratuenak ziren eta nabigatzaile haiek munduaren abangoardian zeuden, bai ontzigintzan eta bai nabigazioan, eta hori kontatu beharra dagoela uste dugu, euskaldun haiek ez direlako agertzen testuliburuetan, edo agertzen direnean espainiar edo frantses gisa agertzen direlako. Kanadan, hemen ez bezala, oso ondo bereizten gaituzte euskaldun gisa. Nik uste dut, hala ere, arrantzale haien historia baliabide gehiagorekin kontatu beharko litzatekeela, duen garrantziaren neurriko baliabideekin.
Arrantzale haiei eman diezu protagonismoa, eta espedizioan parte hartu zenutenok nahiko itzalean geratzen zarete.
Dokumentala egiteko beste modu bat izan zitekeen hori, gure gorabeherei garrantzia emanez. Baina ez zitzaigun interesatu. Horregatik, filmean gu panpina soil batzuk baino ez gara ia-ia. Txalupa bera da protagonista. Filmean esaten den bezala, txalupa objektu bat zen hasieran, eta guk bizia eman genion. Sentimendu bat hartzen du txalupak, arima bat, eta Ipar Ameriketako historia modernoaren hastapenetako lanbro artean kokatzen den euskal teoria bat lotzen du.
Itsasoari beste modu batez begiratzearen aldeko aldarria ere bada.
Historiari dagozkion lurreko ondareak gordetzen badakigu. Baina duela 500 urteko itsasoko zer daukagu gordeta? Oroimena eta historia baino ez daukagu, ondare immateriala. Ikusi eta ukitu ezin denez, badirudi ez dela existitzen. Ondare hori ikusteko ahalegin bat egiten du filmak, eta Albaola elkarteak ere oro har. Itsasoari kirolaren edo ekonomiaren ikuspegitik baino ez diogu begiratzen normalean. Guk itsasoari ikuspuntu kulturaletik eta historikotik begiratzeko ahalegina egin dugu. Milaka istorio ditugu euskaldunok itsaso azpian hondoratuta, munduko itsaserri handietako bat bihurtu gaituztenak, kostalde murritza izan arren.
Albaolak badu aurrera begira aldarri horrekin loturiko beste proiekturik?
Filma amaitzearekin batera ziklo bat ixten dugula esan daiteke, hau bukatu arte ezin ginelako beste ezertan hasi. Istorio handiak eta ederrak ditugu kontatzeko -bakailaoarekin, Islandiarekin eta AEBekin erlazionatutako istorioak- eta espero dugu hemendik aurrera, egin dugun lanari esker, jendearengana iristeko erraztasun handiagoak izatea. Albaola handitzen ari da, eta bere lanaren inguruko askoz ere interes handiagoa erakusten dute orain erakundeek, itsas kulturak duen potentzialaz jabetzen hasi baitira.
Bertsolaritza gidoigintza eta zuzendaritzarekin konbinatzen ari zara azken urteotan. Zer moduz sentitzen zara zeregin berri horietan?
Duela lau urte Kanadara joan nintzenean ikus-entzunezkoen munduarekin inolako kontakturik izan gabea nintzen. Lau urte hauetan, neuk asko bilatu gabe, hainbat proiektutan parte hartu dut, bai gidoigile eta bai zuzendari, eta oso eroso sentitzen naiz. Poliki-poliki ikasten ari naiz, lan eginez. Bertsolaritzaz aparteko beste dimentsio bat da, ikusi eta entzun daitekeena eta jolaserako aukera handiak ematen dituena. Orain beste proiektu batean nabil buru-belarri.
Zein da proiektu hori?
Eskozia, Euskal Herria eta erabakitze eskubidearen inguruko lan bat egiten ari gara, Nazioen Munduarekin. Oso gustura nabil.
«Itsasoari ikuspuntu kulturaletik begiratzeko ahalegina egin dugu»
'Apaizac obeto' film dokumentala amaitu du Orio Produkzioak etxeak, Jon Maiak zuzendua. XVI. mendean Kanadara joaten ziren euskal arrantzaleen berri ematen du, Albaola elkarteak duela lau urte hara egindako espedizioko irudietan oinarrituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu