Beste kolore bat dute orain. Itxura berria hartu dute Anselmo Guinea, Rafael Ruiz Balerdi, Adolfo Guiard, Antoni Tapies, Francesco Noletti eta Blasco de Grañenen obrek. Bilboko Arte Eder museoak zaharberritu ditu. Eta berriro ere jendaurrean erakusteko moduan utzi ditu. Hondatuta baitzeuden margolan horietako batzuk. Eta zikinkeria handia zuten denek. Ilunduta zeuden, jatorrizko kolorea galdurik zuten.
Anselmo Guinearen (Bilbo, 1855-1906) Kristaua! margolanak kalte handiak zituen oihalean. Artistak berak zenbait konponketa egin behar izan zizkion bere garaian, inaugurazio egunean aulki batekin kolpatu baitzuten obra.
Guinearen maisulana Foru jauregiko sarrera nagusian egon da zintzilik, 1967tik. Iaz berreskuratu zuen Arte Eder museoak. Baina tamaina handiko obra da (10,42 metro koadroko azalera du), etakonpontzeko lanak egokiago egite aldera, Naiarako Trebakuntza Zentroan (Espainia) zaharberritu dute artista bilbotarraren obra. Pitzadurak josi, eta ilundutako berniz geruzak kendu dizkiote.
Ederlan garaikideak ere hondakorrak dira. Urradurak izaten dituzte oihalean eta pinturan, JoseLuis Merino Arte Eder museoko Kontserbazio saileko buruak esan duenez. Halakorik zuen Rafael Ruiz Balerdiren (Donostia, 1934-Alacant, 1992) Konposizioa-86 II margolanak. Obra biribilkatzean eragindako kalteak konpondu dituzte. Antoni Tapies(Bartzelona, 1923) 1961ean eginiko Ikurra eta materia margolaneko pintura oihaletik askatzen hasia zen; geruza kromatikoa finkatzeko produktu kimikoak erabili dituzte, horrenbestez.
Irudi berria, Nolettiren obran
Adolfo Guiardek (Bilbo, 1860-1916) landare paperean eginiko lau zirriborro berritu ditu, halaber, museoak. Paperak zituen urradura txikiak zinta itsasgarri gardenarekin konpondu dituzte. Bestalde, Blasco de Grañanen (Aragoi, Espainia, 1422-1459) San Joakin eta Santa Ana tenpluaren ate aurrean obrako urre koloreko irudiek indar handiagoz egiten dute distira orain.
Francesco Noletti XVII. mendeko pintore italiarraren natura hila konpontzean, pinturak estalitako emakume baten irudia aurkitu dute teknikariek. Artistak berak ezabatu zuela uste du Merinok.
Itxura berria harturik
Bilboko Arte Eder museoak Guinea, Balerdi, Guiard, Tapies, Noletti eta Grañenen obrak zaharberritu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu