Aurrena, argazkiak ateratzen ditu Clara Gangutia margolariak (Donostia, 1952). Eta, gero, horietan oinarrituta, koadroak margotu. Itxuraz, argazkien errekreazio soilak dirudite. Ukitu ezin errealistagokoak. Baina itxuraz bakarrik. «Nik ez daukat, ordea, neure burua margolari errealista edo hiper-errealistatzat», argi utzi nahi izan du Gangutiak. Erakusketa bat jarri berri du Donostiako Ekain Artelanak galerian, eta datorren apirilaren 28ra arte egongo da irekita. Horretan, argazkietan oinarritutako tamaina diferenteetako 19 margolan daude ikusgai: 18 olio eta marrazki bat teknika mistoa erabilita.
Madrilen bizi da haurra zenetik, baina erakusketako koadro ia gehienak Euskal Herriko «paisaia edo une batzuetan» oinarrituta daude. Pasai Donibaneren panoramika bat, Beasainen ikuspegia inguruko mendi batetik, Pasai San Pedroko fabrika abandonatu bat, Santa Klara uhartea... «Nire obran beti present egon dira molde honetako margolanak. Nire ume garaiko paisaiak dira». Asko erakartzen dute hemengo koloreek, «horien sakontasunak».
Eta lanerako nahiago ditu argazkiak. «Margotzeko era naturalak baino aukera gehiago ematen dizkidate. Argazkien oinarria eduki gabe margotzen nuenean, inguruan nuen horretara mugatzen nintzen. Orain, gainera, argazkiak aurrean edukita, estudioan lan egin dezaket, eta hori gustatzen zait». Madrilen dauka lantegia. «Bizitza osoa» darama margotzen —«zorte hori eduki dut»— eta erakusketak atontzen, eta hirugarrena du Ekain galerian. Dena dela, Donostian bezala erakusketa honetako koadroak Madrilen «berdin-berdin» jar zitezkeela uste du.
Izan ere, iruditzen zaio bere margolanetako tokiak eta egoerak «errealak eta ezagunak» izanda ere «modu batean edo bestean asmatutakoak» direla. «Margolanak ez dira argazkiak bere horretan. Ez dut hori nahi». Azalpena ematerakoan haserretu bezala egin da: «Ez dira argazkien koadroak. Hori argi utzi nahi dut. Inpresionistek ere argazkietan oinarrituta margotzen zuten. Beste asko bezala, argazkiak baliatzen dituen margolaria naiz».
Eta argazkiak ateratzerakoan ez du askorik pentsatzen, baina «argi bat, une bat» harrapatzen ahalegintzen da. «Halere, ez pentsa argazki asko ateratzen ditudanik». Bere ibilbidean ez du beste eremu batzuetan murgiltzeko gogorik eduki, «gustura» sentitzen delako lantzen duen horretan. «Baina egiteko gogoa eduki izan banu, egingo nukeen». Berriro jo du errealismoaren gaira: «Uste dut, gainera, nire margolanen zati batzuk abstraktuak ere badirela. Materia eta kolorea koadro abstraktuak lantzen dituenak bezala lantzen ditut». Betiere «adierazkortasuna» bilatuz. Baina itxuraz soilik dira errealistak.
Itxuraz soilik errealistak
Clara Gangutiak Donostiako Ekain galerian jarritako 19 margolanek argazkiak dituzte oinarrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu