Nobela berri banarekin itzuliko dira aurtengo udaberrian letren plazara hiru idazle ezagun: Pello Lizarralde, oraindik izenburua zehaztu gabe duen eta Ereinek kaleratuko duen nobela batekin; Iñigo Aranbarri, Zulo bat uretan-ekin (Susa); eta Joxe Austin Arrieta, dagoeneko dendetara iritsia den lanarekin: Terra Sigillata (Txalaparta). Garrantzi handiko itzulerak dira hirurak.
Pello Lizarralderen kasuan, sei urtekoa izan da isilaldia. 2002an kaleratu zuen orain hurrengo liburua: Larrepetit nobela (Erein, 2002), 2003an Euskadi Literatura saria irabazteko balio izan ziona. Iñigo Aranbarrik eta Joxe Austin Arrietak beste genero batzuk landu dituzte azken urteotan, baina aspaldikoak dituzte narratibaren arloko orain arteko azken lanak: 1994koa Aranbarrik (Emon biar yako nobela, Susa) eta 1997koa Arrietak (Labur Aroz narrazio bilduma, Txalaparta).
Aurtengo udaberrian kaleratuko diren gainerako nobelen egileak berriagoak dira euskal letren plazan, nahiz eta horietako batzuk dagoeneko aski ezagunak diren irakurleen artean: Txema Arinas, Jose Inazio Basterretxea, Garazi Goia, Asel Luzarraga, Fernando Morillo eta Edu Zabala.
PEILLEN ETA ARRATIBEL ERE BAI. Narrazioen atalean ere aipa daiteke idazle historiko baten itzuleraren kasua, Txomin Peillenek Jende ederrak lanean ipuin liburua aurkeztuko baitu aurki. Beste generoetakoak alde batera utzita, 2001ekoak ditu Peillenek narratiba arloko aurreko liburuak: Alarguntsa beltza nobela eta Ale gorriak ipuin bilduma, Hiriak kaleratuak biak. Ipuin liburuak aurkeztuko dituzten gainerako idazleen artean, Xabier Mendiguren Elizegi da aurretik obra sendo eta ezagunena duena.
Eta beste idazle historiko baten itzuleraren berri ere ematen du aurtengo udaberriko liburu berrien zerrendak, haur eta gazte literaturari eskainitako atalean: Joxe Arratibelena. Kontu zaarrak (La Gran Enciclopedia Vasca, 1980; Ereinek 1995ean berrargitaratua) liburu laudatuaren egileak duela zortzi urte eman zuen argitara orain hurrengo liburua: Etsai zaharra eta mendiko lehoia (Erein, 2000, Patxi Zubizarretarekin elkarlanean).
Argitaratzeko genero errazak ez diren arren, poesian nahiz antzerkian aski eskaintza zabala izango da. Luigi Anselmi, Amaia Iturbide eta Castillo Suarezen liburu berri bana dago poesiaren arloan, eta antzerkiarenean lau guztira. Ohiko argitaletxeen eskutik kaleratutako liburuak ez dira asko, baina bi genero horietako lan batzuk sarien eta argitalpen ez komertzialen bidez iritsiko dira plazara.
Saiakera, kazetaritza eta gisako liburuei eskainitako atalean zabala da eskaintza, beti izan ohi den bezala. Joxerra Garzia, Tere Irastortza, Manu Lopez Gaseni, Juan Ramon Makuso eta Iñaki Seguroladaude, besteak beste, eskaintza berriekin datozen idazleen artean.
Euskaraz sortutakoez gain, euskarara itzulitako liburu asko ere utziko du aurtengo udaberriak liburu dendetan: Hanna Arendten Eichmann Jerusalemen, Charles Bukowskiren Infernuko hesteetan, Charles de Costerren Ulenspiegelen elezaharra, Marie Darrieussecqen Tom hil da, Andre Malraux-ren Itxaropena, Karl Popperren Gizate irekia eta haren etsaiak I, Robert Louis Stevensonen Altxor Uhartea...
Itzulera garrantzitsuak
Joxe Austin Arrieta bezala, nobela banarekin itzuliko dira plazara Pello Lizarralde eta Iñigo Aranbarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu