Izadiaren eta artearen arteko loturak aztertuko dituzte mintegi batean

Kritikareak antolatu du, Fernando Golvano eta Xabier Laka EHUko irakasleek zuzentzen duten ikerketa egitasmoak

Erredakzioa
Bilbo
2011ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Urdaibaiko eskualdea biziberritzeko dauden asmoen harira eta Urdaibaiarte Eusko Jaurlaritzak sustatutako proiektuari lotuta, Kritikarea ikerketa egitasmoa sortu du Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle talde batek, «artearen, izadiaren, eremu publikoaren eta pentsamenduaren inguruko diziplina arteko ikerketarako plataforma», sortzaileek berek emandako definizioaren arabera. Bihar eta etzi Bilbon eta apirilaren 7an Gernikan egingo den nazioarteko mintegi batekin emango du ezagutzera bere burua Kritikareak. Paisaia kritikoak. Urdaibaitik: artea, izadia eta pentsamendua da mintegiaren izenburua. Mintegiaren bitartez, «denona denaren aldeko hausnarketa kritikoa eta lankidetza» sustatzea du xede nagusi Kritikareak, «etenik gabeko aldaketara irekitako Euskal Hiri demokratiko eta iraunkor baten horizontean».

Euskal Herriko Unibertsitateak Bilbon duen paraninfoan egingo dira bihar eta etzikohitzaldiak. Bihar, 09:30ean, Fernando Golvano eta Xabier Laka Kritikarearen zuzendariek, mintegia aurkezteaz gain, artearen, izadiaren eta pentsamenduaren paisaia kritikoez hitz egingo dute, eta, gero, eztabaidatzeko tartea izango da. Eguerdian, Roser Batllorri Gironako Unibertsitateko irakaslea mintzatuko da, eta arratsaldean Berta Sichel Madrilgo Reina Sofia museoko ikus-entzunezkoen arloko saileko buruak eta Jon Thackara diseinu iraunkorraren arloko adituak hartuko dute hitza.

Etzi, Ricardo Anton, Maider Lopez eta Fernando Bajok hitz egingo dute eguerdi arteko saioan. Eguerdian, Tonia Raquejo Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko arte garaikideko teoria eta historiako irakaslea mintzatuko da. Just what is it that makes today's Earth planet so different, so appealing? da Raquejoren hitzaldiaren izenburua. Arratsaldean Perejaume eta Maria Hellstom artista izango dira hizlari.

Apirilaren 7ko saioak Gernikako Elai-Alai kulturgunean egingo dira. Eguerdi arteko saioan Manu Gonzalez, Enrique Antolin eta Oier Etxeberria mintzatuko dira. Eguerdian, Fernando Castro Florez arte garaikideko eta land-arteko komisarioa ariko da, eta arratsaldean, Teresa Luesma Huescako (Espainia) Artea eta Izadia Zentroko zuzendaria eta Ibon Aranberri artista. Paisajes intervenidos, apropiación y memoria da Aranberrik egingo duen hitzaldiaren izenburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.