Izena, izanaren ispilu

Elkar Fundazioa izena hartu du Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak, eta Elkar deituko dira fundazioko megadendak eta banaketa enpresak ere

Juan Luis Zabala
DONOSTIA
2005eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Izena izanaren ispilurik ahalik eta egoki, zehatz eta gardenena izan dadin, Elkar Fundazioa izena hartu du orain artean Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa izan denak, eta Elkar izena dute dagoeneko orain artean bestelako izenak izan dituzten Elkar Fundazioko hainbat denda ezagunek ere: Donostiako, Bergarako nahiz Tolosako Bilintx; Iruñeko Xalbador; Bilboko Urretxindorra; Gasteizko Arriaga; Baionako MattinÉ Fundazioaren barruan banaketara bideratutako enpresek ere Elkar dute orain izena. Horretaz gain, logotipo berria ere badu fundazioak.

Egungo merkatuaren legeak eskatzen duena aintzat hartuz, «bezeroari ahalik eta zerbitzu osoena eta zabalena» eman nahi dio, izen aldaketa horien bidez, Elkar Fundazioak, Jose Mari Sors lehendakariak azaldu duenez. «Guk eskaintzen dugun zerbitzua eskaintzeko, irudi bat eman behar dugu, eta zerbitzu denak batzen dituen irudi bat aukeratu dugu». Orain arteko izen aniztasunak sor zezakeen nahasketa argitzeko balioko du, besteak beste, izenen aldaketak: «Orain artean, nor garen azaltzeko, izen asko aipatu behar izaten genituen: 'Gu gara Elkar, gu gara Oihuka, gu gara Xalbador, gu gara BilntxÉ eta hori guztia dago Euskalgintza Elkarlanean Fundazioan'. Jakina, hori guztia entzunda, jendea galdu egiten zen».Internet bidez konexioak Elkar Fundazioko denda guztietako zerbitzuak bateratzeko aukera eskaintzen du, eta denda txikietako bezeroek denda handietako eskaintza bera izango dute; liburua, diskoa edo dena delako produktua dendan eskuragarri ez badago ere, enkargatu eta arin jasotzeko aukera izango dute. «Azkenenean, megadendaren kontzeptua da sinergia guztiak baliatu eta ahalik eta zerbitzurik zabalena ematea. Megadendako bezeroak ulertua, zerbitzua eta aholkatua sentitu behar du. Megadendara sartzen denak berdin dio denda fisikoki txikian edo handian bere beharra beteko dituen leku batera sartu dela sentitu behar du».

Zerbitzu zabala xede

Gaur egun 10.000 metro karratu dituzte, guztira, Elkar Fundazioko liburu dendek, eta 150.000 erreferentzia eskaintzen dituzte.

Batasunerako aukeratutako izena, Elkar, «oso adierazgarria» da, Sorsen ustez: «Gure artean oso aipatuak diren gauza asko dakartza gogora: elkarbizitza, elkarlana, elkarrekin gauzak egiteaÉ Elkarrekin gaude, eta elkarrekin eskainiko dugu zerbitzu globala». Zerbitzu hori, gainera, «pertsonalizatua» izango da. «Hemengoak garelako, hemengo egitura daukagulako, eta gure helburuetako bat euskara bultzatzea eta positiboki diskriminatzea delako».Izenak islatzen duen batasunak ez dakar pluraltasunaren ukaziorik. «Pluraltasunaren alde borrokatzen segitzen dugu: ekoizpenaren arloan, argitaletxeek eta disketxeek segitzen dute beren izenak edukitzen, eta ateak zabalik dituzte era askotako proposamentzat».Etxe komertzial askoren batuketa da Elkar Fundazioa, eta etxe komertzial horiek ez dira Elkar Fundaziotik sortu. «Etxe komertzial horiek, beste edozein enpresak bezala, ekimen komertzialak egin behar dituzte, gaur egungo teknologia berriekin; kontrakoa gurdia behien aurretik jartzea bailitzateke».Baina, ekimen komertzial horietaz gain, Elkar Fundazioa osatzen dute etxe komertzial horiek. «Horrek esan nahi du profesionalak garela, atxikimendu batekin, konpromiso batekin, kultura orokorrarekin eta batez ere euskal kulturarekin. Fundazio gisa, hiru helburu ditugu: kultura bultzatzea, eta euskal kultura bereziki; industria kulturala sortzea, irabazirik gabe ez baitugu sortuko kultura iraunkor bat; eta inbertsio soziala, ahalik eta postu gehienak sortuz». 450etik gora langile dituzte, egun, Elkar Fundazioaren barruko enpresek.Merkatu gero eta globalizatuagoak ezarritako legeak aintzat hartzea nahitaezkoa da Sorsen ustez, bai kulturaren pluraltasunari eta euskal kulturari eutsi eta indarra emateko. «Sare handiak eta enpresa handiak dira gaur egun batez ere banaketa zerbitzuetan daudenak, eta txikiak poliki-poliki desagertzen dira. Guk nahi duguna da txiki horiek mantendu, izen batean, baina horrek ez du esan nahi enpresa bakarra egon behar duenik. Akordio batera iritsi gaitezke beti, frankizia bidez edo beste sistema batzuen bidez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.