Biluztasunarena ez da ezaugarri berria Jabier Muguruzaren (Irun, 1960) musika ibilbidean. Baina Bikote bat lan berrian (Resistencia) muturrera eraman du hautu estetiko hori. Kantariaren hitzetan, orain arte sorturiko “disko erradikalena” da. Bere ahotsaz eta esku-soinuaz gain, Mikel Azpirozen pianoa izan du lagun soil. Bien arteko musika elkarrizketaren bidez ondu du diskoa.
Hamaikagarren diskoa du bakarkako jardunean, eta 11 kantuk osatzen dute lana. Iñaki Irazu, Bernardo Atxaga, Gerardo Markuleta, Lourdes Oñaederra, Jose Luis Padron, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Javier Rodriguez Marcos, eta Harkaitz Canoren hitzekin osatu ditu kantuak. Mikel Azpiroz berak sorturiko pieza instrumentala da letrarik ez duen bakarra.
Azaroaren 4an Donostiako Lugaritz aretoan aurkeztuko du lan berria Muguruzak (8 euro). Beregan ohikoa ez den arren, disko berriko kantu guztiak joko ditu. “Fidel izango gatzaizkio diskoari oso-osorik eta baita diskoaren kontzeptuari ere”, adierazi du Muguruzak gaur egindako aurkezpenean.