Jackson Brownek eta Jabier Muguruzak beste urrats bat egin dute duela hainbat urte —Muguruzak kaliforniarraren omenezko disko batean parte hartu zuenean— hasitako harremanean. Abeslari eta musikari gipuzkoarrak Browneren Niño moldatu zuen, Cántame mis canciones diskorako (1998). Disko hartan, besteak beste, Kiko Veneno, Loquillo, Maria del Mar Bonet, Luis Eduardo Aurte eta Javier Masek ere parte hartu zuten. Geroago Fiordoan diskoan (Esan Ozenki, 1999) jaso zuen kantu hura Muguruzak. Geroztik, hartu-eman pertsonal eta profesionalari eutsi diote bi musikariek (kolaborazioak kontzertuetan, parte hartzea Leonard Cohenen omenaldian...).
Hamahiru urte geroago Brownek parte hartu du Jabier Muguruzaren disko batean. Joan den uztailean Donostiako Jazzaldian eman zuen kontzertuaren harira, Brownerekin harremanetan jarri zen Muguruza, eta Bikote bat diskoan parte hartzea proposatu zion. Horrela sortu da Lausoa kristalean kantuari egin dion ekarpena. 62 urteko kantariak Santa Monican grabatu du abestiaren zati bat (Kalifornia, AEB), Groove Masters estudioetan, ingelesez. Pare bat hilabete itxaron beharko da entzuteko; udazkenean kaleratuko dute diskoa.
Jackson Browne gonbidatu gisa aritu da Jabier Muguruzaren disko berrian
Bi musikarien arteko harremanaren ondorio, kaliforniarrak ingelesez abestu du 'Lausoa kristalean' kantuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu