Gulya Sultanova. Errusiako Bok o Bok zinema jaialdiko zuzendaria

«Jaialdiari esker, LGTB gaietara ohitu dira Errusiako hedabideak»

Gulya Sultanova San Petersburgoko Bok o Bok Nazioarteko LGTB Zinema Jaialdiko zuzendaria Bilbon da, IX. Zinegoak jaialdiko epaimahaikide gisa; Errusiako LGTB kolektiboaren eta zinemaren egoeraz aritu zen atzo Zinegoak-eko Bilgune atalean.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Gulya Sultanova (San Petersburgo, Errusia, 1975) Errusiako Nazioarteko LGTB Bok o bok (Elkarren ondoan) zinema jaialdiko zuzendaria da. Bilbon da egunotan Zinegoak jaialdiko epaimahaikide gisa; horrez gain, zinema jaialdiko Bilgunean izan zen atzo,Errusiako LGTB kolektiboaren egoerari buruz mintzatzeko.

Zinegoak-eko epaimahaikide izanik ze iritzi duzu jaialdiaren inguruan, antolakuntzari eta aurten programatutako pelikulen inguruan?

Oso pozik nago hemen izateaz, asko gustatzen zait giro hau, oso zabala da, eta oso atmosfera beroa igartzen da jaialdian. Oso ondo antolaturik dago. Oraindik hamabost filmetatik lau baino ez ditudanez ikusi, ezin dezaket esan oso programa indartsua den ala ez; izan ere, oraindik hasieran baino ez nago. Baina esan dezaket, Bilbon oso gustura nagoela eta inaugurazio gala izugarria izan zela, oso dibertigarria. Arriaga antzokia ere leku ederra da jaialdiari hasiera emateko. Horrez gain, oso pozik nago Bilbogatik, gobernuaren eta erakundeen laguntza izateko aukera duzuelako; Errusiako egoera guztiz bestelakoa da.

Errusian bestelako egoera duzuela diozu. Azal dezakezu Bok o Boken egoera zein den?

2008an izan zen lehenengo jaialdia, San Petersburgon. Jende gutxi bildu ginen. Jaialdiaren helburua LGTB gaien inguruan eztabaidatzea da. Jendaurrean eztabaidatzea, jendaurrean pelikulak erakustea eta Errusiako homosexualen eta transexualen egoerari buruz informatzea eta debatitzea. 2008 arte dena oso itxia zegoen. Homofobia ez zegoen oso zabalduta, baina LGTB kolektiboa oso itxirik zegoen, eta oso jende gutxi etorri zen. LGTB jendea ikusezina zen. Errusian oso begirada itxia eta estereotipatua dago gaiaren inguruan. Jende gehienak ez du lesbianarik edota homosexualik ezagutzen, ezta transexualik ere. Ez dituzte gure bizimoduak ezagutzen eta LGTB-oi buruz oso irudi txarra dute hedabideen eraginez.

Hedabideekin batera, gobernuak ere zabaltzen al duhomosexualitatearen eta transexualismoaren inguruko irudiestereotipatu eta gaiztoa?

Parlamentuan eztabaidatzen ari dira, LGTBri buruzko informazioa zabaltzea debekatzen duen legea. Legearen eztabaida aurrera doa, gaur (atzo) hirugarren fasera pasatu zen. Horrek esan nahi du azken fase hori pasatzen badu lege bihurtuko dela.

Lege bihurtuz gero, nola eragingo dio jaialdiari? Eta gizarteari?

Jaialdia kolokan jar dezake Errusian eztabaidagai den legeak. Izan ere, ezingo da ekitaldi publikorik deitu, eta jaialdiko ekitaldi guztiak publikoak dira. Hori guztia zabaldutako lekuetan egiten dugu, zinema aretoetan,kultur aretoetan... Lege horrekin edozein LGTB informazio debekatuko dute, ezingo zaie adin txikikoei informaziorik eman. Ekitaldiak antolatzea probokaziotzat hartu, ekitaldi guztiak bertan behera utzi, eta homofobiari buruzko eztabaida publikoa amai dezakete.

Hain egoera zaila izanik, ba al dago Errusian LGTB gaiak lantzen dituen zinemagilerik? Naturaltasunez egiten al dute?

Errusian LGBT gaien inguruko oso film gutxi dago. Aurreko urtean lesbianen inguruko pelikula bat erakutsi genuen eta ez zuen arrakastarik izan. Jaialdiaren helburuen arteko da Errusian LGTB zinema garatzea. LGBT gaien inguruko filmak egin nahi dituzten pertsonak lagundu nahi ditugu. Bost urtetan, hamar bat pelikula errusiar baino ez dugu izan. Ez dira lehiaketaren barne egon,baizik eta aukeraketa prozesura aurkeztu ziren. Aurten, bideo lehiaketa berria egingo dugu. Ez da pelikula bat egitea bezain serioa, minutu pare batekoa izan daiteke, baina LGTB gaia izan behar dute. Kamerarekin edo eskuko telefonoarekin bideo labur bat egitea eskatuko dugu. Inoiz filmik egin ez duen jendea animatu nahi dugu esperimentatzera; agian, kalitatezko bideoekin egingo dugu topo, nork daki.

Ze harrera du jaialdiak?

Urtero zabalduzdoa, urtero publikoa handitu eta elkarte gehiagoren laguntza izaten dugu. Aretoetan ere, leku handiagoa lortuz goaz.Gizarteari begiratzen diozunean eta esaten diozunean: Begira, desberdinak gara, baina gu ere pertsonak gara, era honetan edo bestean sentitzen dugu... Jendeak ulertu egiten du, eta urtero LGTB pertsonen onarpen handiagoa da. Jaialdiko ekitaldiak amaitzean test bat banatzen dugu, eta, ebaluatu eta gero, ikusi dugu publikoaren %25 ez dela LGTB kolektibokoa, eta askok idazten dute etorri aurretik ez zutela informazio handirik. Beraientzat zerbait berria zen, eta kolektibora gerturatu nahi zuten, zerbait gehiago jakin nahi zuten. Jaialdira heldu eta oso eroso sentitu zirela eta oso interesantea iruditu zitzaiela komentatzen ziguten. Horrez gain, urtero, hedabideek jaialdiaz askoz hobeto idazten dute, homofobia alde batera utzita. Gure jaialdiari esker, LGTB gaietara ohitu dira.

Ze irizpide duzue lehiatuko diren filmak hautatzeko?

Hiru irizpide ditugu; zerbait berria izan behar du, jendeari gustatzen zaiolako zinemara doanean pelikula berriak ikustea. LGTB gaia jorratu behar dute, eta azpigaia berezia izaten dugu urtero. Horrez gain, atzera begirako atal bat dugu, LGTB zinema zerbait berria ez dela erakusteko. Garrantzitsua da erakustea LGTB filmak ez direla oraingoak, baizik eta orain dela ehun urte baino gehiago ere hor zirela. Orain dela urte batzuk 1918ko Weimar Errepublikako film bitxi eta ederra erakutsi genuen.

Bosgarren jaialdia antolatzen ari zarete. Zerbait aurreratuko?

Filmak aurkezteko epea orain aste bi zabaldu genuen, eta abuztu erdialdera arte iraungo du zabalik. Beren lanak bidaliko dizkiguten zinemagileen DVDak itxaroten ari gara, pelikula onak espero ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.