James Joyceren Ulises eleberria, XX. mendeko literaturako mugarri bat adituen ustez, euskaraz irakur daiteke gaurtik aurrera, Xabier Olarrak itzulia eta Igela argitaletxeak plazaratua. Gaur aurkeztu du itzulpen hori Olarrak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.
Itzulpen horretan oinarrituta, Agerre Teatroa konpainiak, Maite Agirrek zuzenduta, Molly Bloom, emakume baten aurpegiak antzerki lana emango du bihar, 19:30ean, leku berean, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Molly Bloom pertsonaiak Ulises eleberriaren azken kapituluan egiten duen barne bakarrizketa jasotzen du antzerki lanak, bi hizkuntzatan emana: euskaraz eta ingelesez.
Honela azaldu du Olarrak Ulises eleberria euskaratzeko arrazoia: “Gaztetan halako miresmena sortu zigun liburuak –modernismoaren lanik gorena askorentzat eta XX. mendeko narratiban eraginik handiena izan duenetako bat, dudarik gabe— XXI. mendeko euskal irakurle saiatuek agian estimatuko zutelakoan, Igela argitaletxeak 2008 aldera erabaki zuen hurrengo urteetan euskaratu eta argitaratzeko liburuen artean sartzea”.
Antzerki lanak Molly Bloomen “hiru aurpegi” erakusten ditu, Maite Agirrek azaldu duenez, eta haietako bakoitza aktore batek erakutsiko du eszenategian: Maggie Wilce ingelesez ariko da; Oihana Lekuona kantuan ariko da, euskaraz; eta Nia Acosta euskaraz mintzatuko da. Horrez gain, Santi Ortegak Leopold Bloomen rola jokatuko du.
“Ikusiko dugu Molly ohean; han lozorroan atzekoz aurrera etzanda Leopold Bloom senarra izango du, Santi Ortegak gorpuztua”, aurreratu du Maite Agirre zuzendariak. “Molly, loa galduta,sare fin bat ehuntzen ariko da memoria bezain mehea, eta ikaragarrizko bidaiari ekingo dio, bizitza bezain luzea, non Mollyk zalantzan jarriko ditu bere mundua, gizonezkoekiko bere harremanak; gizartearen biolentziaz edo Europaren errealitateaz eztabaidatuz eta, batez ere, Irlandaren egoeraz”.