Gero jaialdiak bere protagonista eta izarrak izango ditu, baina Donostiako Heineken Jazzaldia iristeko lau hilabete falta direnean, jazz festibalak dagoeneko badu izen propio bat, Jamie Cullumena. Abeslari eta pianista ingelesak hiru ekitalditan parte hartuko du: Kursaaleko terrazetan arituko da lehenik, DJ modura; ondoren bakarka abestuko du Kursaalean, pianoa lagun bakar duela, eta azkenik Trinitate plazan joko du taldearekin. Miguel Martin jazzaldiko zuzendariak gaur jakinarazi duenez, duela bi urte, Trinitate plazan jo ondoren, hasi zen mamitzen Cullumek jaialdiaren 50. urtemugan proiektu berezi batekin aritzeko aukera.
Ohi bezala, Heineken Jazzaldia Jazz Band Ball deituriko ekitaldiarekin hasiko da uztailaren 22an Kursaal inguruan. Festa horretan hainbat estilotako talde eta artistek hartuko dute parte. Agertoki Berdean, Zurriolako hondartzan, batetik Earth, Wind & Fire Experiencve funk eta soularen talde klasikoa, eta bestetik, Jimmy Cliff reggaearen mitoa izango dira. Jazz Band Ballen parte hartuko dute, halaber, The Cookers zazpi musikariz osatutako talde handiak, Carla Cook abeslariak eta Reunion uharteko Zanmari Bare abeslari eta perkusionistak.
Trinitate plaza
Uztailaren 23tik 26ra lau emanaldi bikoitz izango dira jazzaldiaren gune tradizionalenean, Trinitate plazan. Lehenengo egunean Silvis Perez Cruz eta Zaz ariko dira, biak ala biak beren esparruetan eragin handia izan duten abeslariak. 24an Cullum izango da bere taldearekin, eta haren aurretik, Iñaki Salvadorrek eta AndrzejOlejniczakek zuzendutako euskal eta poloniar musikarien taldea. 25ean Jamie Saft teklistak zuzentzen duen The New Standard Trio ariko da lehenik eta Dee Dee Bridgewater abeslaria ondoren. Iaz ere izan zen Bridgewater jazzaldian, eta Martinen arabera, jaialdiko kontzertu bikainenetakoa eskaini zuen. Azkenik, 26an, Melody Gardot abeslaria izango da izar nagusia Trinitate plazan. Aurretik Andrea Motis abeslari eta tronpetista eta Joan Chamorro baxu jotzaielak osatutako taldea igoko da oholtzara.
Kursaala
Lau emanaldik osatuko dute agertoki horretak programazioa. 23an, eta esklusiban Cullum ariko da bakarrik. Hurrengo egunean jazzaren mito batek joko du: Benny Golson saxofoi jotzaileak, eta 25ean Joshua Redman saxofoi jotzailea The Bad Plus hirukoarekin. Azkenik, 26an, John Zorn igoko da Auditoriumeko oholtzara duela bi urte Massada maratoiarekin izan ondoren. Oraingoan Blade Runner Trio hirukoteko buru dela izango da Donostian: Dave Lombardo Slayer metal taldeko bateria jotzailea eta Bill Laswell baxu jotzailea izango ditu ondoan.
[youtube]https://youtu.be/gY9Lhtwcm_E[/youtube]
Viktoria Eugenia
Donostia 2016 eta PUNKT Norvegiako jaialdiarekin elkarlanean Live Act deituriko emanaldiak egingo dituzte. Horietan talde batek 45 minutuko kontzertua eskainiko du, eta jarraian, etenik gabe, beste musikari batzuek aurretik entzundakoaren berrinterpretazioa egingo dute. Besteak beste, ekitaldi horietan parte hartuko dute ondorengo musikariek: Erik Honore, Josetxo Silguero eta Pierre Jodlowski, Sly & Robbie, Nils Petter Molvaer eta Eivind Aarsetek.
Agertoki Berdeko eta Kursaal kanpoaldeko izen guztien faltan, dagoeneko baieztatuta daude bertan izango diren artistetako batzuk: Gregory Porter, Azar Lawrence, Lee Fields...
[youtube]https://youtu.be/DXdXqke7HnE[/youtube]