Egilea: Jasone Osoro.
Argitaletxea: Zubia-Alfaguara.
Jara, gure gazteen artean hain ezaguna eta irakurria den eleberria, ospakizun bikoitzetan dago. Oraintxe, azken atala argitaratu berri den honetan, Jara-k hamar urte bete ditu.
Ibilbide arrakastatsua eginez bete ditu gainera: salmenta marka bikainak lortu, irakurleen sariak pilatu eta irakurketa zerrendetan ezinbestekotzat jo dute.
Hala izan zen lehen Jara-rekin eta halatsu izan da ondoren etorri diren Jara, bikiak eta bikoteak eta Jara Bartzelonan eleberriekin.
Jararen liburuek hurrenkera kronologiko zorrotza gordetzen dute eta irakurleek, horren jakitun, emandako guztia irensteko zorioneko joera izan dute.
Halako aurrekariekin etorkizun oparoa begitantzen zaio Jararen laugarren honi. Baina nor da Jara? Zer kontatzen digu Osorok bere saga honetan?
Funtsean, neskato nerabeen erretratua egiteko saiakera bat, horixe da, nire ustez bederen, Jara.
Haurtzaroa amaitu zaion neskatilaren antzaldatzea atalez atal deskribatzen digu Osorok, mundu berri batean murgiltzen den neskatilaren kezkak, bere lehen maitasun kontuak eta gorputz eraldaketak. Hastapeneko marka hilerokoaren agerpenarekin zedarritzen da (lehen liburuko lehen paragrafoan) eta gertaera hartatik abiatuta, egunez egun, bere buruarekin, gurasoekin, lagunekin eta bihotza urratzen diotenekin bizi dituenak kontatzeko lana hartzen du. Osorok berak hainbat elkarrizketatan aitortu duenez, bere nerabezaroa izan du gogoan saga hau idaztean.
Fokua neskatoaren sentimenduetan jarrita dago eta inguruko gatazka sozialak edota politikoak aipatu ere ez dira egiten. Ildo beretik elkarrizketak, narratzailearen azalpenak edota deskribaketak, denak, neskatoaren barne gatazken mesederako daude eraikita. Xedea Jararen barne eraldaketa da eta hau ulertzen ez duenak nekez ulertuko du obra hau.
Alde honetatik gizonezkoentzat arrotza edota interes gutxikoa izan daiteke neskatoarenpentsamendu obsesiboa: orain mutil batez maiteminduta dagoela orain besteaz, ez du besterik buruan. Baina enpatiarako gaitasuna atera eta ahalegintxo bat eginez, agian, gure inguruko neskatoen pultsioak eta pentsamoldeak hobeago ulertzera iritsiko dira. Zer esanik ez, gainerako guztientzat, neskatila, mutil zein emakumeentzat, zuzenean eragiten dien fenomeno bat izanik, euren burua ulertzeko baliagarria gerta daitekeen esperientzia konpartitzeko aukera bikaina da.
Antzeko kezketan murgildurik, Jara Bartzelonan liburuaz ari dela, Haur eta gazte literatura «gehiena prebisibletzat har daitekeela» dela dio blogari batek (itxaurdi.blogspot.com) eta oker dio, prebisiblea den literatura, haurrena zein helduena, sorpresa eragiteko gaitasuna ez duen literatura delako eta, beraz, literatur kamutsa, bai bederen alor horri dagokionez. Besterik da esatea Jararen sortzaileak pertsonaia eta testuinguru aski ezagunak eta ezustekorik gabeak eraiki dituela eleberri honetan. Beldur naiz, gainera sail osoari luza dakiokeen hobena dela hau.
Halere obraren ezaugarri guztiak balantzan jarriz gero, merezi duen ohoreak eta goraipamenak haizatzen dutela iruditzen zait. Eta zuri?
Literatura. Haur eta gazte literatura'JARA LIVE'
Jara Lekeition
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu