Azken hamar urteetan bezala, Guggenheim Bilbao Gauak ekimenak museoaren ateak zabalduko ditu gauez Aste Nagusian. Gauero, 23:00etatik 02:00etara, jazzaren eta artearen zaleek nazioarteko jazz garaikideaz eta museoko erakusketez gozatu ahalko dute abuztuaren 23tik 26ra bitartean. Museoko Atrioan txandakatu, eta beraien azken lanak aurkeztuko dituzte Edward Perez, Elisabet Raspall, Chrish Cheek, Chis Kase eta Sara Serpa musikagileek, besteak beste.
Jazz emanaldiekin batera, museoko udako erakusketak ere ikusi ahal izango dira: Pintura abstraktua, 1949-1969: Guggenheim Bildumen aukeraketak, Artea ikasbide 2011, Bitarte argitsua D.Daskalopoulos Collection eta museoaren bilduma iraunkorreko erakusketak. Sarrerak 14,50 eurotan daude salgai museoko txarteldegian eta webgunean; Museoko lagunek 7,50 eurotan eros ditzakete.
Jazz gauak
Edward Perezek emango die hasiera jazz gauei. Yorkeko giroko kontrabaxu jotzaile «garrantzitsuenetarikoa» dela azpimarratu dute antolatzaileek; izan ere, kontrabaxu jotzailearen «trebezia» goraipatu izan dute nazioarteko jazz kritikariek. Estatubatuarrak hirukotea osatzen du Evgeny Lebedev piano jotzailearekin eta Ziv Ravitz bateria jotzailearekin batera. Hurrengo egunean, 24an, Elisabeth Raspall kataluniarrak Plujazz azken lana aurkeztuko du, Chris Cheek saxoan, Mark Miralta baterian eta Tom Warburton kontrabaxuan lagun izango dituela.
Chrish Kasek Ode lana aurkeztuko du 25ean; tronpeta jotzaile estatubatuarrak 2008an argitaratu zuen azken disko hau, eta 2009an Cuadernos de Jazz aldizkariak espainiar jazz disko onenetakoa izendatu zuen. Bukatzeko, Sara Serpa buru duen boskoteak zarratuko ditu jazz gauak; portugaldarrak «estilo berezia» du, antolatzaileen arabera, eta jazzeko scat teknikatik aurrerapausoa eman du bere musikan. Serpa Andre Matos, Kris Davis, Masa Kamaguchi eta Tommy Crane musikariak izango ditu lagun.
Jazz eta arte gauak Bilboko Guggenheim Museoan Aste Nagusian
Abuztuaren 23 eta 26a bitartean museoak gauez ateak zabalduko dizkie nazioarteko jazz garaikide eta arte zaleei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu