Musika

Jazzaldiaren mende erdia ospatzeko kartela

Alfredo Leonek irabazi du Donostiako Heineken Jazzaldiaren kartel lehiaketa.

Alfredo Leoneren kartela. ALFREDO LEON
mikel lizarralde
2015eko otsailaren 20a
13:14
Entzun

Alfredo Leon diseinatzaileak (Agoitz, Nafarroa) egindako Akordea kartela izango da Heineken Jazzaldiaren 50. ekitaldiko irudi nagusia. Jazz jaialdia uztailaren 22tik 26ra egingo da, Donostian.

Leonek adierazi du kartela pentsatzean "topikoetatik" ihes egin nahi izan zuela, eta zenbaki biribil baten ideian kontzentratu zela, Donostiako Jazzaldiak urteurren garrantzitsua ospatuko baitu aurten. "Akorde musikalak notak gainjarriz eratzen diren bezalaxe, kartel honen akorde bisuala ere kolore urdina —itsasoa—, horia —eguzkia eta harea— eta fuxia iluna —jazzarekiko lotura— elkarren gainean jarriz osatzen da".

Teknikari dagokionez, paperean egin zuen lehen zirriborroa, eta diseinu bektorialdeko programa bat erabili zuen gero (Illustrator).

Alfredo Leon diseinatzaile grafikoa da, eta beste 80 bat sari irabazi ditu aurretik, horien artean 2014ko Baionako festak, eta Tuterako eta Zangozako jaiak iragartzeko kartelen lehiaketak. Manos Unidas elkartearen aurtengo kanpaina ere hark diseinatu du.

Kartel irabazlea aukeratzeko epaimahaia honako hauek osatu dute: Mikel Erentxun kantariak, Dora Salazar artista plastikoak, Javier Torres Ser irrati kateko informazio zerbitzuen kultura ataleko arduradunak, Fruela Zubizarreta GQ aldizkariko erredaktoreburuak, Heineken Jazzaldiko bi ordezkarik (Miguel Martin eta Jaione Askasibar) eta Heineken enpresako beste bik (Fran Domingo eta Gabriela Cuellar).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.