«Ohore handia da niretzat. Zuberoari zor diot izendapena. Horrek erakusten du, gainera, Euskaltzaindiak euskalkiak ere begiratzen dituela», adierazi zuen euskaltzain oso izendatu berriak. Jean Haritxelhar, Jean-Louis Davant, Txomin Peillen eta Andres Urrutia euskaltzain osoek proposatu zuten Coyosen hautagaitza. Atzoko batzarrean, Euskaltzaindiaren arautegiak agintzen duen gehiengo osoa lortu zuen Coyosen izendapenak.
Jean-Baptiste Coyos 1952an jaio zen, Maulen. 1974an lehen mailako irakasle ikasketak egin zituen, eta, geroztik, irakaslea izan zen 2008ra arte. Hizkuntzalaritza Orokorreko doktorea da Rene Descartes Unibertsitatean, Description du parler basque souletin des Arbailles - Étude de l'ergativité izeneko tesiarekin. 1996tik eskola ematen du unibertsitateetan.
1999tik 2003ra, hizkuntz politikarako karguduna izan zen Frantziako Estatuko Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrean, eta ikerketa karguduna Baionako Iker zentroan 2004tik 2006ra. Duela lau urte euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak. Akademiaren Sustapen Batzordeko kidea da Coyos. Besteren artean, Politique linguistique: Langue basque et langue occitane du Béarn et de Gascogne eta Xiberotarra zuberera, le dialecte basque souletin liburuak idatzi ditu. Horrez gain, hizkuntzalaritza eta soziolinguistika alorretako artikulu askoren egilea da.
Lau urterako bermea
Euskaltzain oso bat izendatzeaz gain, lau urterako programa-kontratua sinatu zuen atzo Euskaltzaindiak Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin. Guztira, 2.356.777 euro emango diote Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek Euskaltzaindiari, aurrekoan baino %20 gutxiago.
Andres Urrutia euskaltzainburuaren arabera, «Euskaltzaindia gizartearen parte da, eta gizarteko beste erakundeetan aurrekontuak murriztu behar badira, Euskaltzaindian ere horrela izan behar du». Programa-kontratu honek datozen lau urteetarako finantzaketa bermatuko dio Euskaltzaindiari, «euskararen gainean dituen arau, kontsulta, ikerketa eta zabalkunde eginkizuzunak bete ditzan».
Hiztegi Batuaren paperezko hirugarren edizioa kaleratu dute
Hiztegi Batuaren paperezko hirugarren edizioa aurkeztu du Euskaltzaindiak, Elkar argitaletxearekin koedizioan.2000an argitaratu zuen lehena, eta zotzi urte geroago, 2008an, bigarrena. Atzo aurkeztu zuten Hiztegi Batuaren hirugarren edizioak 36.052 sarrera eta 6.052 azpisarrera ditu. «Bi urtean %29,6 hazi da sarreratan, eta %45,3 azpisarreratan. Horregatik erabaki da, hain zuzen, Hiztegi Batuaren hirugarren argitaraldi hau kaleratzea», Andoni Sagarna euskaltzainak azaldu duenez.
Dagoeneko salgai dago Hiztegi Batuaren edizio berria dendetan. Euskaltzaindiaren webgunean dutena ere laster osatuko dute.