Bere instrumentuaren kasuan ere, hala nahi du artistak. Diskretu. Nolako gizona, halako musika. Musikaria txoko batean beharko litzateke eman, haren iduriko. «Ez dut uste musikari baten lana toki guztiaren hartzea dela absolutuki. Gure plazetan ere ez. Jendeek beren eremua behar dute. Soinu espazio bat behar dute, elekatzeko goxoki... Bakoitzak hautatu beharko luke soinuaren entzutea eta joan beharriekin soinuaren xerka. Entzumen gehiago sortzen da horrela». Egungo belarriak eri ikusten baititu. Informazio gehiegi filtratu behar: «Hainbeste non ez duzun gehiago kasu ematen. Telebista, irratia, saltegietan, denetan. Eman dezagun motor bat, antimusikala da arras. Informazio horiek guztiek ez dute onik egiten belarrietan». Horren saihesteko bide bat bezala ikusten du, nonbait, entzumena akuilatzeko behar hori.
Entzumen hori lortzen delarikzinezko plazera baitu hartzen. Antzerkiarekin gertatzen zaio gehienetan. Hor, publikoarekin harreman «totala» lortu izan du. «Antzerki talde bat lanean ari delarik mikrokosmos bat da. Eta hor bada entzumen eder bat. Ohartzen naiz nola nire musikak baduen eragin eder bat jendeetan. Horrek ardura bat ematen du ere. Kasu egiten duzu gehiago zer jotzen duzun. Testuinguru sentibera batean gauzak hobetzen dira, testuinguru bortitz batean neke izanen den bezala musika polit baten ateratzea. Testuinguruak du egiten».
Ardura horretan, musika tresnak eragin zuzena du. Kasu anitz egiten du eskusoinuak ez dezan leku guztia hartu, hori baita akordeoiaren arriskuetako bat, haren iduriko. «Esker txarrekoa da zenbait aldiz. Dena hartzen du. Nonbait baldin baduzu akordeoi bat jotzen ari, ez duzu hura baizik entzuten. Belarrietan sartzen da». Bera hori saihesten ahalegintzen da. Goxotasun bat du bilatzen. Eta horretarako balio handia dauka Piermaria markako akordeoi zaharrak. «Akordeoi zahar batzuekin aiseago da».
Hala ere, hura gabe ere egin lezake berdin-berdin. Tresnak ez du halako inportantziarik garaztarrarentzat. Ez litzateke hain grabe galduko balu edo hautsiko balitz betiko. «Musika tresna batek bere baitan ez du gauza handirik, behar zaio animatu. Gauzak sorrarazi».
Hori bai, uharte galdu batera joango balitz, segur, edozein izanik ere, akordeoi bat eramanen lukeela. «Behar nuke bai. Maite dut musikarekin lan egitea. Gauza batzuen moldatzea. Diziplina bat bezala da, eta goxo zait». Eta gainera, akordeoiak izan dezakeen alde ona, elektrizitate beharrik ez duela. Eta horrek, uharte galdu batera joateko orduan badu bere garrantzia. Eguneroko bizitzan ere, funtsean, artistak baieztatu duen bezala. «Eskusoinuaren historian badu inportantzia handia horrek, bai». Bere ezaugarri nagusietako bat da. «Erabiltzen ahal duzu zaku baten barnean eta bidaiatzen ahal zara berarekin. Egun batez nahi nuke bidaia bat egin eskusoinuarekin. Aitzina ukanen dudalarik». Eskusoinuarekin hasi zelarik, ordea, ez zuen horrelako gogoetarik eginik batere. «Sinpleki» hasi zen: «Akordeoilari baten semea naiz. Aitak proposatu zidan nahi nuenez akordeoia ikasi, eta erran nion baietz». Aita, Beñat Irigoien, Galtxetaburu hura ere. Artista ezaguna, besteak beste, anitz egin zuelako dantza musikentzat. Hamabi urte zituen hasi zelarik akordeoia ikasten. Angeluko irakasle itsu batekin izan zen. Aitak utzi jakintza, beste gisa batean eskuratu du. «Badu kasik 20 urte zendua dela, eta oraino gauza batzuk jiten zaizkit ene memorian zirenak. Entzun gauza batzuk edo pentsaketa batzuk. Tresna bera ez badut aitarekin ikasi, beste anitz gauza. Jo dut ene aitarekin ere». Aitarekin hasi zen plazaz plaza, eta geroztik ez du utzi. «Plaza, plazera hitzetik ez baita hain urrun».
Akordeoia baino gehiago musika bere orokortasunean aipatzen duen bezala Irigoienek, musika aipatzen hasi bezain laster, plaza hitza heltzen zaio mihi puntara, eta plazatik segidan, dantzara. «Euskal Herrian dantza haluzinatzailea da, eta funtzionatzen du oraino, molde batean edo bestean. Badakit zer balio duen plaza batean dantzak». Zer balio du, justuki? «Balio du, demokratikoa dela. Denek egiten ahal dute. Kantaldi batean jendeak etortzen dira kantari baten behatzeko. Behatzea aktore izatea da ere, baina dantzatzearena, pufff... askatasun bide eder bat da. Edozein dantza. Espazioa hartzen du dantzariak. Izate sentipen bat da, ederra». Agian egunerokoan sentitzen ahal ez den libertate espazio bat, Irigoienen ustez. Eta dantza horretan, akordeoilariaren lekua «laguntzaile» bezala ikusten du. Delako txoko horretatik ekartzen duen laguntza.
Aitak eman dio laguntza horren ulertzeko gakoetako bat. Haurra zelarik aita ezteietara nola joaten zen oroitzen da. «Akordeoiarekin bakarrik joaten zen. 11:00etatik 02:00ak arte. Eta hori beti sobera zitzaidan. Nola posible da aritzea hainbeste denboraz, bakarrik?». Esperientziak ekarri dio erantzuna. «Ez zen eszenarik eta publikorik. Denak nahas ziren. Besta bat zen. Eta musikaria bestaren barnean zen, jendeekin». Jendeekin ari, eta ez jendeei. «Dantzak laguntzen zaitu. Musikari batek jotzen duelarik publikoa dantzan ari bada, ez duzu perkusio jotzaile beharrik kasik. Erritmoa ematen dute dantzariek». Erritmoa eta energia. «Hainbeste luzaz jotzeko horrela, bakarrik, ez da posible energia beti leku beretik joan dadin. Beharrezkoa da bi aldetatik izatea. Trukaketa bat izatea. Energia heldu da publikotik ere. Beste gisan ez da posible».
Plazako plazer hori ez zaio beti begi bistakoa izan Irigoieni. Egun akordeoiarekin daukan harreman sendoa hogei urteetan dudan jarri zuen. «Entzuten nituen musikak eta jotzen nituenak biziki diferenteak ziren. Jazz eta blues musika maite nuen, eta eskusoinuarekin lekuko musikak, musika tradizionala nuen jotzen. Bazen hor bitxikeria bat enetzat». Urteak aitzinatu arau, instrumentua baztertuz joan zen. Baina azkenean aurkitu zuen lotura. 22, 23 urtetan izan zen. Montpellierren (Frantzia) filosofia ikastera joan zen, baina gero izan zen besterik. Jazza aurkitu zuen. Jazz eskola bateko piano irakasle batekin aritu zen eskolen hartzen.«Hor egin nuen lotura blues musikaren eta ene tresnaren artean. Inportanta zen hori niretzat».
Gaur egun, bai herriko bestetako taloa eta xingarren hitzordua animatzen, edota sorkuntza intimoago batean, bietan ikus daiteke Irigoien. Biak beharrezkoak ditu. Zein estiloko musikaria sentitzen den galdegiterakoan, zein kategoriatan sartzen ahal den, honela dio: «Humanoen kategorian nahiko nuke izan. Sentitzen naiz pertsona bat naizela, eta hori nahi dut izan, besteen artean. Hori da nire kategoria».
Bluesak edo euskal musikek oinarri bera dute, ororen buru: «Blues musikak badu mezu humanista bat ere. Zilegitu du komunitate bati bere izatearen adierazten. Laguntza bat ukan dute nortasun lan horretan. Eta Euskal Herrian ere musikak horretan laguntzen gaitu. Guhaur izaten, gauza batzuk sentitzen guhaurren baitan eta besteen baitan ere». Euskal Herriko musikak, erran nahi baita, dantza musikak bereziki, musika tradizionala.
Egunerokoan, praktikan, denbora erdi bat dauka musikarentzat. Etxeetara heltzen den uraren banaketaz arduratzen den sindikatuan ari da beste denbora erdian, Garazin. «Sindikatuko lana gustatzen zait. Laborari semea naiz ere, eta, beraz, hori betidanik ezagutu dut». Beste zerbait izatearen beharra. «Sobera abstraktua egiten zait bakarrik musikan izatea. Bakoitzak bere buruaz halako definizio zorrotz bat egin behar du. Bere burua saltzen jakin behar du ere».
Segur dena da denbora osoz duela gogoan musika eta problema horiek.«Bihotzez musikaria sentitzen naiz». Hark deitzen dituen «proiektu ttipiak» ditu maite. Musika «lasaiki bizitzekoa» ematen duen proiektuak dira. Hiruzpalau lagunen artean. Lagunekin «partekatzekoa» ematen dietenak. «Kolaborazioak behar ditut, gutxieneko komunismo bat. Gero eta gehiago maite eta behar dudana. Ez dut maite manatua izatea, ez eta manatzea ere».