Eusko Ikaskuntza

Jean Louis Davantek jasoko du Manuel Lekuona saria

Euskara eta euskal kultura indarberritzeko egin duen etengabeko eginahala eta lana azpimarratu ditu epaimahaiak

Jean Louis Davant. SYLVAI SENCRISTO
mikel lizarralde
2016ko urriaren 10a
15:08
Entzun

Jean-Louis Davant (Ürrüstoi-Larrabile, Zuberoa, 1935) filologo eta euskaltzaleak eskuratu du 2016ko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria. Epaimahaiak nabarmendu du euskararen eta euskal kulturaren eremuan egin duen ahalegina, eta esan du azpimarratzekoa eta goraipatzekoa izan dela haren ekarpena: "Bat egiten du Manuel Lekuonak euskara eta euskal kultura indarberritzeko izan zituen kezkekin", eta belaundaldi oso baten erreferente bilakatu da. Izan ere, "Zuberoako errealitatea argi islatzen du berak, eta bere lana Euskal Herri osoari eskaini izan dio beti, katea eten ez dezan lagunduz". Epaimahaiak azpimarratu nahi izan ditu Arantzazuko bilkuran eginiko ekarpenak, eta 1960ko hamarkadan euskararen batasunaren zorua adosten saiatu zen Ipar Euskal Herriko azken lekukoa dela esan du. Halaber, ezaguna da pastoralgintzan egin duen ekarpen oparoa eta zabala.

Irabazlearen hautaketan, herritarrek eta epaimahai instituzionalak hartu dute parte. Eusko Ikaskuntzaren bazkideen bozkak %30eko pisua izan du azken emaitzan, Euskal Komunitate Globalarenak %10, eta falta den %60 epaimahai instituzionalaren esku geratu da. Azken horren osaerari dagokionez, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, Euskaltzaindiak, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Labayru Ikastegiak, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak, Euskal Kultur Erakundeak, Vianako Printzea Erakundeak eta Eusko Ikaskuntzak berak osatu dute.

Sari-emate ekitaldia 2017ko lehenengo hiruhilekoan egingo dute.

Irabazlearen ibilbide profesioanala
Jean-Louis Davantek Laborantza ikasketak egin zituen Angerseko Mendebaldeko Unibertsitate Katolikoan. 1957an eskuratu zuen Agronomia ingeniari titulua. 1961ean, Piarres Xarritonen zuzendaritzapean, Hazparneko Laborantza Eskolaren sortzaileetarikoa izan zen, eta hantxe hasi zen lanean. Agronomia eskolak ematen jardun zuen 1995ean, erretiroa hartu arte.
 
1960an, Enbata talde abertzalearen bultzatzaileetariko bat izan zen, Piarres Larzabalekin eta beste askorekin. Ondoren, EHAS Euskal Herriko Alderdi Sozialista (1975) eta Euskal Batasuna (1986) alderdien sorreran parte hartu zuen.
 
Herri Ekintza kristau taldeko burua izan zen, orobat, 1962-1969 bitartean. 1968an, Fededunak taldearen sorreran parte hartu zuen, Piarres Xarriton, Jean Hiriart-Urruti eta hainbat lagunekin.
 
1963an, Baionako Euskal Idazkaritza Elkartearen kide izan zen, euskara idatziaren batasunari bidea bilatzeko. Baionako Biltzarraren Erabakiak 1964an aurkeztu zituzten, Piarres Lafitte euskaltzainaren zuzendaritzapean. Euskaltzaindiak Arantzazuko Biltzarrean (1968) Baionako erabakiak ontzat eman zituen, Koldo Mitxelenaren txostena bere egitean. Euskaltzaindian, izan ere, bereziki onomastikaren eta hiztegigintzaren alorretan aritu da 1978tik.
 
1984tik aurrera, Hazparnen AEK-ko irakasle izan zen, gau eskolak ematen, eta Euskal Pen Klub berreginaren buru aritu zen aurrerago. Halaber, Su Azia elkarteko kide da.
 
1980an literaturaren bidean sartu zen, bereziki olerkian. Euskaraz, genero guztiak landu ditu: eleberria, saiakera eta poesia, eta haur literaturako hainbat ipuin itzuli ditu.
 
Pastoral askoren egile da, hurrengo izenburu eta antzezlekuak izan dituztenak: Abadia Ürrüstoi (Maule, 1990), Eüskaldünak iraultzan (Gotaine-Irabarne, 1993), Agirre Presidenta (Arrokiaga, 1995), Xiberoko Makia (Sohüta, 2001), Antso Handia (Maule, 2004), Xiberoko Jauna (Ezpeize-Ündüreine, 2008) eta René Cassin (Sohüta, 2013).
 
1957az geroztik, egunkari eta aldizkari askotan argitaratu ditu bere artikuluak, euskaraz zein frantsesez. Branka (1971), Zuzen (1972), Zabal (1973-1976) eta Zehatz (1977-1980) aldizkarietako zuzendaritzako kide izateaz gain, beste hainbat agerkaritan idatzi ditu artikuluak: Gazte, Herria, Enbata, Euskaldunak, Egia, Herriz Herri, Jakin, Argia, Euskaldunon Egunkaria, Gara, Egin, Maiatz, Nabarralde, Le Journal du Pays Basque...

2010ean, Euskaltzaindiak euskaltzain emeritu izendatu zuen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.