Zinema. Estreinaldiak

Jende arruntari hitza emanez

'Gazta zati bat' Jon Maiak zuzendutako dokumentala bihar estreinatuko da Euskal Herriko hiriburuetan

Erredakzioa
Donostia
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Donostiako X. Giza Eskubideen Zinemaldian eman zuten filmeetako bat izan zen Gazta zati bat Nazioen Munduak ekoitzitako dokumentala. Apirilaren 20an, Viktoria Eugeniako emanaldi jendetsu eta beroaren ondoren, Jon Maia zuzendariak esan zuen egin daitekeen «gauzarik ederrena» jende arruntari hitza ematea dela. Eta horretan ahalegindu dira filmean. Euskal Herriko hiriburuetan estreinatuko dute, bihar.

Euskal Herriak duen erabakitzeko eskubidearen alde lan egiten du Nazioen Munduak, Goierriko herri plataformak. Beren ibilbide guztia film batean jasotzea erabaki zuten, eta Maiari eman zioten hori ontzeko ardura. Bertsolariak istorio bat kontatu nahi izan du, eta istorio horren bidez mezu bat bidaltzea da dokumentalaren intentzioa. Maiak nabarmendu du ez dela ez kronika politiko bat, ez kazetaritza lan bat, ez film bat bere soilean ere, baina hiruretatik baduela zerbait.

Idizabalgo bikote batek Eskoziara egindako bidaia da dokumentalaren abiapuntua. Han ere herri kirolak egiten zirela konturatu ziren, eta horren inguruan hasi ziren harremana egiten hangoekin; autodeterminazio eskubidearen eta herri kirolen inguruan, hain zuzen. Bi bidaia egin zituzten Eskoziara, eta eskoziarrak ere ekarri zituzten Euskal Herrira. Ikusten dira irudietan herritarren ilusioak, haien istorioak, auzolanean aritzeko grina... Sinesmena. Honela diote dokumentalean: «Euskaldunok eta eskoziarrok dugun egoskortasunaren fruitua da».

Kaleko jendearen historia kontatu nahi izan du Maiak, haien «sentimenduak» islatu, «gizartea egoera sanoago batera eramateko eta demokrazia handitu ahal izateko». Gazta zati bat Euskal Herriko txoko guztietara eramatea da Nazioen Mundua plataformaren helburua. Filma erakutsi nahi dute horren mezua zabaldu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.