Donostiako 59. Zinemaldia. Olivia Colson. 'Tyrannosaur' filmeko aktorea

«Jendeaz izaten ditugun irudipenei buruz gogoeta eginarazten du filmak»

Peter Mullanekin batera aritu da Paddy Considinek zuzendutako filmean. Telesailetan egindako lanak egin zuen ezagun Ingalaterran, baina zinemagintzan murgilduago dago azken urteetan, arrakastaz.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Kristautasuna du bizitzak eragindako minei aurre egiteko helduleku nagusi Paddy Considineren Tyrannosaur filmeko Hannahk. Baina gainezka egin eta Kristorekin berarekin ere haserretzera iritsiko da une batean, etsipenak neurri horretaraino jota. Peter Mullanen ondoan lan egin du Olivia Colmanek (Norfolk, Ingalaterra, 1974) filmean, Hannahren rolean, eta bere ibilbideko lanik gogoangarriena dela deritzo. Baina ez da geldirik egon Tyrannosaur-en parte hartu eta gero, eta Meryl Streepekin batera lan egin du oraindik orain The Iron Lady film estreinatu gabean.

Hainbat lan egin dituzu azken urteetan Paddy Considinerekin. Zer moduz sentitzen zara haren filmetan lan egiten?

Plazera da haren aginduetara lan egitea. Asko laguntzen dizu, elikatu ere bai, ideiak emanez, eta dena errazago bihurtzen da bera ere aktore izan delako eta oraindik ere aktore delako. Ondo ezagutzen ditu aktoreon kezkak eta arazoak, eta seguru sentiarazten zaitu, eskatzen dizuna egiteko gai.

Peter Mullanekin lan egiten duzun aurreneko aldia izan da Tyrannosaur-ekoa?

Duela bost urte lan egin genuen lehenengoz, gero Tyrannosaur egiteko inspirazio iturri bihurtu zen film laburrean, Dog Altogether-en; dena kaka zahar bat dela adierazten duen esaldia da izenburu hori. Han ere Peterrek Josephen rola jokatzen zuen, eta nik Hannahrena. Paddyk Hannahren bizitzari buruzko beste film labur bat egiteko asmoa zuen, baina jende askok galdetzen zion: «Eta besteak, zer?». Hortik sortu zen Tyrannosaur filmatzeko ideia.

Film gogorra da, eta Hannahri asko sufritzea egokitzen zaio, fisikoki eta psikologikoki. Nola sentitu zara rolean?

Nik maite dut Hannah, eta oso ondo sentitu naiz. Errazagoa da aktore lana pertsonaiarekin enpatia duzunean, eta Hannah oso pertsonaia maitagarria da. Bizitzak ematen dion zigorra latza izan arren, maitasun handiz erantzuten du berak.

Giro gogor baten barruan, filmak tarte handia egiten dio samurtasunari.

Paddyrengandik dator hori, berak oso maiteak dituelako bi pertsonaia nagusiak, bai Joseph eta bai Hannah. Berak ezagutzen dituen pertsona errealen ezaugarrien nahasketak dira biak. Horregatik, giro gogor horren erdian Paddyrengandik datorren maitasun hori ageri da.

Jamesentzat, Hannahren senarrarentzat, Joseph «zaborra» da. Gizarteak baztertutako giroetan murgiltzen du ikuslea filmak.

Jendeari buruz izaten ditugun irudipenei buruzko gogoeta eragiten du filmak. Filmaren lehenengo 40 segundoen ondoren, gorroto diozu Josephi, baina seguru asko amaieran maitasun handia diozu. Gizarteak baztertuta dago. James, aldiz, gizon errespetatua da, lanpostu ona daukana, auto ederra... Baina, ikuspegi moral batetik, oso pertsona eskasa da. Hannahk autoestimu oso apala du, senarrak ez diolako ia-ia arnasa hartzen ere uzten, eta Josephek eta Hannahk elkar ezagutzen dutenean biek bizitza hobe bat bilatuko dutelako esperantza pizten zaio ikusleari.

Harrera ona izan du Tyrannosaur-ek Sundanceko jaialdian, eta epaimahaiaren sari berezi bana jaso zenuten Peter Mullanek eta zuk.

Lehendik filmarengatik sentitzen dugun harrotasunari hori gehitzen badiozu, are harroago sentitzen gara. Guk filma egiten gozatu dugun bezala beste batzuek filma ikusten gozatzea oso gauza ederra da guretzat.

Telebista edo zinema? Drama edo komedia? Denetik egin izan duzu, baina zer duzu gustukoena?

Lan egiteko aukera izatea pozgarria da niretzat, dela batean edo bestean. Lagun asko ditut telebistaren munduan, baina eskaintzen dizutenari heldu behar diozu. Nik, azken batean, denarekin gozatzen dut. Baina egia da orain arte egin ditudan lan guztietan hauxe dela gustukoena dudana, egindakoaz harroen sentiarazten didana.

Baina Tyrannosaur-en ondoren, beste bi filmetan parte hartu duzu.

Phyllida Lloyden The Iron Lady eta Roger Michellen Hyde Park on Hudson. The Iron Lady-n Meryl Streepekin batera lan egin dut. Hark Margareth Thatcherren rola jokatzen du, eta nik haren alaba Carolena. Benetan beldurra ematen du Meryl Streep, makillatuta, Margareth Thatcherren zeinen antzekoa agertzen den ikusteak. Streepekin lan egitea amets bat izan da niretzat. Uste nuena baino are jatorragoa eta distiratsuagoa da gertutik ezagututakoan. Hyde Park on Hudson-en filmaketa lanak, berriz, joan den astean amaitu genituen. Oso filmaketa lan alaia izan da. Ingalaterrako egungo erreginaren amaren rola jokatzen dut, eta oso gustura lan egin dut film horretan ere. Benetan pribilegiatua sentitzen naiz horrelako lanak egin ahal izateagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.