Durangoko Azoka

Jendetza gaur Durangoko Azokan

Gaur hamazazpi urte 'Egunkaria' sortu zuteneko taldeko kideei omenaldia egin diete Plateruena Kafe Antzokian.

2007ko abenduaren 6a
14:59
Entzun
Estutasunik gabeko hasiera lasaia izan zuen atzo Durangoko (Bizkaia) Azokak; lasaiegia aukeran, are triste antzekoa ere. Gaur, ordea, jendetza bildu da, askok eta asko jai eguna dutelako.

Azokako egitarautik aparte, Plateruena Kafe Antzokian gaur hamazazpi urte Egunkaria sortu zuteneko taldeko kideei omenaldia egin diete. "Gaurkoa ospatzeko eguna da, duela hamazazpi urte euskarazko kazetaritzak jauzi kualitatiboa egin zuelako Egunkaria sortuta. Beraz, gaur ospakizuna. Otsailean izango da hiletetarako egunik [2003ko otsailean itxi zuen Espainiako Justiziak kazeta]", esan du Joan Mari Torrealdai Egunkaria Sortzen talde hartako kideak.

Atzo eguerdiartean haur eta gaztetxoekin batera irakasleak ziren nagusi Landako gunearen barruko kaleetako ibiltarien artean. Arratsaldean, berriz, adin guztietako jendea ikusi zen, baina nolanahi ere oso jende gutxi, Durangoko Azokak normalean izaten duen jende emana kontuan hartuta. Iluntze aldean jende gehixeago izan zen, baina ez moteltasun irudipena uxatzeko lain.

Atzo horren jende gutxi izatearen arrazoia aztertzean bat zetozen gehienak: azokaren aurreneko eguneko eguerdiartea gaztetxoentzat izaten zen lehen, eta arratsaldea profesionalentzat; orain ez du halako definizio zehatzik egunak, baina, definiziorik gabe ere, orduko joerari jarraitzen dio neurri handi batean. Oraindik ere aurreneko eguna gaztetxoentzat eta profesionalentzat baino ez dela uste dute Durangoko Azokaren ohiko bisitari askok, edo zalantza dute gutxienez, eta urteroko bisita beste egun baterako uztea erabakitzen dute ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.