DURANGOKO AZOKA

Jendez gainezka azoka, egitarau zabalaren eskutik

Jendetza bildu da Durangoko Azokaren bigarren egunean ere, besteak beste asteburuak, Gogoeta Plazaren egitarauak eta Berri Txarrak taldearen kontzertuak erakarrita.

2014ko abenduaren 6a
00:23
Entzun

10:30ean, bigarren egunez zabaldu ditu ateak Durangoko Azokak. Gaur ere jendetza igarotzea espero zen, asteburua izanik, eta hala gertatu da goizean.

Egitarauak lagundu du horretan ere; besteak beste, Berri Txarrak taldeak Ahotsenean eskaini duen kontzertuak (11:00) eta Anari Alberdi eta Bernardo Atxagaren arteko solasaldiak (13:00-14:30) lagundu dute horretan.

Berri Txarrak-ek disko berria aurkezteko lehen kontzertua eman du, eta jendetza elkartu da. 800 pertsona inguru izan dira Ahotseneko karpan, eta kanpoan geratu dira beste asko, sartu ezinik. Zazpi abesti jo dituzte, denak azken disko hirukoitzekoak.

Bestalde, Gogoetarako Plaza  egitasmo berria arrakastatsua izaten ari da. Fermin Muguruza elkarrizketatu du bertan Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak, 11:00etatik 12:00etara, Landakoko Areto Nagusian, eta bete egin da aretoa.

Gainera, sortzaile ugari izan dira goizean  diskoak eta liburuak sinatzen: Ruper Ordorika, Gatibu, Berri Txarrak, Zea Mays, Toti Martinez de Lezea, Iban Zaldua, Atxaga eta beste.

Sortzaile, kulturgile, herritar eta kazetarien elkargune ere bada Durangoko Azoka. Horietako batzuen iritziak bildu ditu bideo batean Iñigo Astizek.

[Youtube]http://youtu.be/dsBX8ssA5BM[/Youtube]

Ikasleen Eguna izan zen atzo azokan, eta gaztez bete ziren guneak. 10:30ean ireki zituzten ateak, eta 10 eta 18 urteko haur eta nerabe saldoak bete zituen azokako gune nagusiko kaleak eta inguruneetako zelaiguneak. Baziren jakin-minez barneratu zirenak, informazio lekuan hango langileak galderaz josi zituztenak. Antolakuntzako batek, pazientziarekin eta adeitsu, jaramon egin zien bata bestearen atzetik eta era nahasian plazaratutako eskakizunei: "Ea, eta zuri zein musika mota gustatzen zaizu?".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.