DURANGOKO 45. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA

Jenny Stow ingelesaren bi liburu itzuli ditu Maluta argitaletxeak haurrentzat

Xabi Strubellen irudiez osaturiko bi ipuin mitologiko ere atera ditu Maramara taldearen babespean

Bixente Merino
Durango
2010eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Maluta argitalpen zigilua iaz izan zen lehen aldiz Durangoko Azokan. Ritxi Lizartzaren Hitanoa, mintza hadi lagun! izan zen lehen eskaintza, eta, arrakasta ikusita, berritasunekin itzuli da azokara. Batetik, Jenny Stowren Hazi-minak eta Eguzkiaren atzetik liburuak kaleratu dituzte, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. Ainara Mendiolak egin du euskarazko itzulpena, eta Sarai Lekuonak gaztelaniazkoa. Bestetik, margotzeko bi ipuin ekarri dituzte azokara: Jentilak gure senide zaharrak eta Lamiak, erreka eta itsasbazterretako emakume misteriotsuak. Bi ipuin horietako irudiak Xabi Strubell musikariak (Zura) egin ditu. Strubell bera Durangoko Azokan egindako aurkezpenean izan da, Ritxi Lizartza Maramara taldeko zuzendariarekin eta Sabrina Mizobe Malutako arduradunarekin batera.

Itzulpenak, zuzenketak, interpretazio lanak eta bestelako hizkuntza zerbitzuak eskaintzen ditu Maramara enpresak. Horrez gain, iaz, argitalpenen bidea jorratzen hastea erabaki zuten. Gustuko liburuak argitaratzeko konpromisoa hartu zuten, eta, horretarako, Maluta sortu zuten.

Balio erantsia duten lanak dira argitalpen zigilu berriaren ardatz. Eskuliburuak, itzulpenak, fikziozko lanak, haur eta gazte literaturako obrak eta bestelakoak eskaintzeko asmoa dute. Izan ere, euskara oinarrizko lanabes gisa hartuta eta bide motzeko errentagarritasunari erreparatu gabe, proposamen berriei irekita dago Maluta. Lan arlo asko jorratzen ditu: hizkuntzalaritza, literatura, hezkuntza, kultura eta jolasa, besteak beste. Kalitatea zaintzea eta diseinu berritzailea garatzea dira lanaren oinarriak.

Hainbat euskarritan egiten dituzte lanak: paperean, CD-ROMean eta DVDan. Egunotan Durangoko Azokako Artekaleko 60. erakusmahaian egongo dira euren produktuak saltzen, baina denda birtuala ere badauka argitaletxeak www.maluta.eu webgunean. Bertan, on line ikastaroak ere eskaintzen ditu.

Iazko arrakasta

Ritxi Lizartzaren (Donostia, 1965) Hitanoa, mintza hadi lagun! liburua izan zen Malutaren aurkezpen gutuna, iragan urtean. Eta arrakasta handia izan zuen «hika erraz ikasteko eskuliburuak».Fikzioan, telebistan nahiz filmetan eta antzerkian hitanoaren eredu estandarra falta zelako otu zitzaion Lizartzari lan hori egitea.

Zuzentzaileak, kazetariak, idazleak eta gidoilariak izan zituen buruan lan hori egiteko orduan; izan ere, orain arte bakoitzak bere erara idazten zuela ohartuta zegoen idazlea. Dena den, hika ikasi nahi duen edonorentzat aproposa da Hitanoa, mintza hadi lagun! eskuliburua. Azken hamar urteetan hitanoa irakasten bildutako esperientziaren ondorio da. Azalpenak eta ariketak ageri dira liburuan, baita abestietako, filmetako, liburuetako eta antzezlanetako pasarteak edo zatiak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.