Gurean ez da batere ezaguna Chris Morris, baina Erresuma Batuan bada nor. Disko jartzaile, kazetari, aktore, irrati esatari, ekoizle, telebista aurkezle... Hori baino zerbait gehiago da; irletako mutiko gaiztoa da. Azken urteotan probokazioa eta eskandalua Morrisekin batera joan dira ia beti, eta tabloide egunkarien jomuga ohiko bihurtu da. Nonbait, Morrisi hori guztia ez zaio sobera axola, eta beste pauso bat eman du bere ibilbide probokatzailean, bere lehen filma eginez. Gaiak, jakina, ez du ia inor hotz utziko.
Gazte-gaztetatik irrati lokaletan lanean hasi zen, disc-jockey gisa, eta handik BBC kate errespetagarrira pasatu zen. 1990eko hamarkada hasieran egin zituen irrati programek erakutsi zuten ez zela isilik egoteko jaioa, eta zaila egiten zitzaiola ironiari mugak jartzea. Besteak beste, bere irratsaioetan hainbat pertsonaia ezagunen heriotza iragarpen faltsuak egiten zituen; horien artean, hainbat politikarirenak.
Baina irratiak duen oihartzuna ez da deus telebistak duenaren aldean. Horregatik, 1994an telebistara salto egin zuenean, Morrisek askoz ere bozgorailu handiagoa izan zuen. Eta bere probokazioek goia jo zuten 1997tik aurrera, Brass Eye programa sortan. Horretan, gaurkotasun handiko gaiak landu zituen; bereziki harrotu zituzten hautsak pedofiliaren eta droga kontsumoaren inguruan egindakoek.
Milurteko berriarekin, zuzendari lanetan hasi zen. My Wrongs izeneko film laburra eta Nathan Barney telesaila zuzendu zituen lehenik. Eta, azkenean, pantaila handirako prest ikusi zuen bere burua; lehen filma prestatzeari ekin zion. Baina, jakina, Morris probokatzaileak ez zuen nolanahiko gairik aukeratu behar, eta ekintzaile islamiar batzuen komedia egitea bururatu zitzaion. Horrela sortu zen Four Lions.
Gerlarien egunerokoa
Gai delikatua da jihadarena, eta beharbada horregatik, orain arte zinemak horren alde dramatikoa besterik ez du erakutsi. Molde komikoan landu denean kontrako aldea izan da; terrorismoaren kontrako gerraren ikuspuntutik izan da, esaterako, Team America World Police (Trey Parker eta Matt Stone, 2004) edo In the Loop (Armando Ianucci, 2009) filmetan. Baina film honek ez du mendebaldarren ikuspuntua eman nahi izan; gerlari santuen egunerokoa jarri nahi izan du pantailan.
Eta emaitza suntsitzailea da. Ekintza terrorista bat egin nahi duen talde baten aitzakian, Four Lions giza miseria askoren katalogo sarkastikoa da, eta gaiari inoiz eman ez dioten trataera desmitifikatzailea eman dio.
Hori guztia ez da irensteko erraza. Filmak kritika nahiko gogorrak izan ditu, eta alde guztietatik etorri zaizkio. Batzuen ustez, terrorismoa justifikatzen da, eta behar duen seriotasuna kentzen dio gaiari. Beste hainbatentzat, berriz, islamdarren inguruan ematen duen ikuspegia iraingarria da. Baina Morris oso ohituta dago halako polemiken erdian ibiltzen.
Lau dira protagonistak; Erresuma Batuan bizi dira denak, kontsumo gizartean ongi integratuta. Baina Omar nazkatuta dago bere bizimodu petralarekin, eta talde terrorista bat sortzea erabakiko du. Asmo horrekin oso argia ez den bere anaia Wajengana joko du. Bi anaiek beste bi kide erreklutatuko dituzte: zuriak gorrotatzen dituen Larry britainiar peto-petoa, eta bonbak egiten dakien Fassal. Behin laukotea eginda, azken unean bosgarren bat gehituko zaie: Hassan rap kantaria.
Omarrek eta Wajek Pakistanera joko dute, entrenamendu militarraren bila. Bien bitartean, gainerako taldekideek azpiegitura prestatzeari ekinen diote. Berriro elkartzean, zeren kontra jo erabaki beharko dute. Ez dute argi ikusiko, harik eta ideia ezin hobea bururatuko zaien arte: Londreseko maratoian eginen dute atentatua.
'FOUR LIONS'
Zuzendaria: Chris Morris.
Aktoreak: Riz Ahmed, Kayvan Novak, Nigel Lindsay, Adeel Akhtar, Arsher Ali, Preeya Kalidas.
Herrialdea: Britainia Handia.
Urtea: 2010.
Iraupena: 94 minutu.
Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian. Hego Euskal Herrian hurrengo urtean estreinatuko dute.
ZINEMA. ESTREINALDIAK
Jihadaren gaineko begirada ironikoa
Chris Morris ingelesak beste urrats bat egin du bere ibilbide probokatzailean 'Four Lions' lehen film luzearekin. Atentatu bat egitera doazen ekintzaile islamiar batzuei buruzko komedia ondu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu