MUSIKA

J.J. Cale musikari estatubatuarra hil da

74 urte zituen eta eragin handia izan zuen, besteak beste, Eric Clapton eta Mark Knopflerrengan. [Youtube]http://youtu.be/2IZ9feKpJkk[/Youtube]

mikel lizarralde
2013ko uztailaren 27a
18:41
Entzun

John W. Cale (1938-2013) abeslari eta gitarrista oso estimatua zen, eta haren eragina suma daiteke Eric Claptonen lanean eta Dire Straitsen lehenengo diskoetan. Hain zuzen ere, Claptonek kantu oso arrakastatsu bilakatu zituen Calek idatzi eta grabatutako bi kantu: Cocaine eta After Midnight ospetsuak. Lynyrd Skynyrdek ere jo zuen pare bat aldiz Caleren kantutegira, eta Call Me the Breeze grabatu zuen, besteren artean. Eta Captain Beefheartek, Waylon Jenningsek eta Carlos Santanak ere grabatu zuten Caleren kanturen bat edo beste.

Gitarra jotzeko zuen modu pausatuagatik egin zen ezagun Cale. Gitarrista handia izan arren, ez zuen inoiz bere abilezia nabarmendu, eta bere kantuek jariotasun naturala erakusten zuten, gehiegizko birtuosismoari bizkarra emanez. Bluesean zuen oinarria, baina jazzari, rockabillyari, countryari eta popari ere lekua egin zien bere lanean

1972n kaleratu zuen bere lehenengo disko luzea, Naturally, eta gerora, bere estiloa definituko zuten beste hamaika lan argitaratu zituen: Really (1973), Okie (1974), Troubadour (1976), 5 (1979), Shades (1981), Grasshopper (1982),  #8 (1983), Travel Log (1990), Number 10 (1992), Closer to You (1994),  Guitar Man (1996), To Tulsa and Back (2004) eta Roll On (2009)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.