Egilea: Patxi Zubizarreta.
Argitaletxea: Txalaparta.
Gatibu nau Patxi Zubizarretaren literaturak, haren planteamendu narratiboek batik bat. Ez du etsitzen eredu bakar bati jarraitzera, eta obra bakoitzean bide berriak jorratzen ausartzen da. Hori bai, guztietan, bi ardura nagusi: literatura eta irudiak uztartzearena, batetik, eta narrazioa bide gisa gogoetak egiteko, bertzetik.
Irudiak eta literaturari dagokionez, ohiturik gaitu narrazioetan txertaturiko argazki esanguratsuak ikusaraztera. Gaurko honetan, argazkiak ez ezik, irakurketa iradokitzaileago egiten duen DVD musikatu bat erantsi dio liburuari, kontakizunaren hiru paisaia funtsezkoenak antzematen dituelarik: Lisboa, Granada eta Zuberoa.
Narrazioa gogoeta-bide gisako ulerkeraz, argi du kontua eleberri honetako ahots batek, Joãok hain zuzen: «Argi dut nire gogoetak garatzeko narrazioa gero eta beharrezkoagoa zaidala, geldi ez, baina ibilian dabilen pentsamendua». Zerikusirik ez, ordea, tesi-eleberriekin; ez, behintzat, euren zentzu estuan, ideia bat frogatzeko asmoz pertsonaiak sortu eta gertaerak antolatzen dituzten eleberriekin, alegia. Tesi batek agindurikoari ez, narrazioak berak eta idazlearen senak eskatzen dutenari badaki lotzen paisaiak, giroak, pertsonaien izaera eta gorabeherak. Atmosfera aldakor batean murgildurik ikusiko du irakurleak bere burua, eta gogoetetan sakontzera bultzaturik.
Bortz atal, bortz narrazio, bortz ahots kontari aurkeztu digu Patxi Zubizarretak eleberri honetan. Bortz ikuspegi oso era desberdinetan azaldurik, Joãori buruz eta horrek abian jarriko dituen gertaeren segidan. Amaliaren fadoa zeharkako estiloan kontatua, Thomas Bernharden Alferrikaldua gogorarazten diguna, puntuazioa askoz konbentzionalagoa izanik ere Zubizarretarena. Marioren fadoa-n, bigarrenean, Joãoren anaia Marioren ahotsak ikusarazten digu berriro Amaliak azaldurikoa, bere emaztearekiko sesioak eta bidaia xelebrea anaiaren bila: narrazio bizia, adabakiz josia, pertsonaia dispertso eta segurtasunik gabeko baten ikuspegia. Barne-egunkari antzeko oharren bidez hitz eginen digu gero Adela Marioren emazteak Adelaren fadoa-n. Laugarrenean, Rubenen fadoan, sakelako telefonoz trukaturiko elkarrizketa zuzenen bidez, Mario eta Ruben lagunaren artekoak; bizi-bizia kontakizuna, Lisboa, Granada eta Zuberoa lotuko dituena. Lehenbiziko lau fadoetan, João, Lisboatik Pirinioetara ihes eginda, izanen dugu hari nagusia, zeinaren inguruan txirikordatuko baitira narratzaile bakoitzaren zertzeladak eta bizipenak, elkarrekin gurutzatuak, baina Adelak dioen bezala, «zenbat errealitate paralelo» iradokitzen ez ote diguten!
João artista dugu, bai, hari nagusi eta aurreko lau ahotsen leitmotiv. Alta, azken fadoan, Joãoren fadoan, bertze mundu paralelo batean murgildurik ikusten dugu narratzailea, pinturatik ihes eginik, argazkietan babesturik nonbait, baina etxe bazter batean aurkituriko ipuin misteriotsu bat frantsesetik euskarara ekarri nahian. Sendagile gaixoa da ipuina, non Zuberoako herrietan dabilen Rene medikuak kontatzen dituen bere bizipenak, eta non eleberriko azpitituluak aipaturiko piztiak eta bertze batzuk, legendazkoak eta sinbolismoez beterikoak, mugituko diren geografia zehaztu gabe baina antzemangarri batean. Itzulpenak egin artean, João oin-oharrak txertatuz joanen da, bere mundua eta sendagilearena paralelo bihurtuz. Herri-kondairetako eta bizitzaren piztiek, misterioek, osinek, oihanek, mendiek, abestiek, pastoralek…, eta Joãoren ideia-asoziazio ahalmen izugarriak eramanen dute irakurlea era anitzetan leitzera eleberri oparo hau.
Literatura
'JOAN'. Zenbat errealitate paralelo!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu