Joao Gilberto oholtzara berriro, 80 urterekin

Bost eta zortzi kontzertu artean emango ditu abuztutik azarora bitartean Brasilen

Agntziak
Rio de Janeiro
2011ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Herenegun bete zituen 80 urteak, ohikoak dituen diskrezio eta isiltasunean. Baina isiltasun hori udan etengo du Joao Gilberto kantugile eta gitarra jotzaile brasildarrak. Abuztuan agertokietara itzuliko da, bere 80. urteurrena ospatze aldera. Bossa novaren aitapontekoetako bat da Gilberto, musika brasildarraren ikur handietako bat. Haren zuzeneko emanaldiak oso aldian behinekoak izaten dira, besteak beste, teknikoki konplexutasun handikoak direlako. Abuztuaren 29tik azaroaren 30era bitarte bost eta zortzi kontzertu artean emango ditu Brasilen, haren bira antolatzeko ardura hartu dutenek azaldu dutenez.

Kontzertu horiek Salvadorren, Sao Paulon, Rio de Janeiron, Porto Alegren eta Brasilian emango ditu 80 años: una vida Bossa Nova izeneko biran. Bira horretako kontzertuek, era berean, bi DVD grabatzeko balioko dute. Aurreneko aldiz egingo du halako zerbait Gilbertok. Batere agerikoa ez den bizimodua eraman ohi du musikariak, eta ezaguna da perfekzionismorako duen joera. Behin baino gehiagotan eten izan ditu zuzeneko emanaldiak, publikoaren artean zarata entzunez gero edo gaizki jarritako mikrofono bat atzemanez gero.

2008tik Brasilen zuzeneko emanaldirik egin gabea da Gilberto. Orduko hartan hiru kontzertu ematea onartu zuen, bossa novaren 50. urteurrena ospatzeko.

Musika adituek bossa novaren sorrera 1958an kaleraturiko Cançao do Amor Demais diskoarekin lotzen dute. Disko horretan, Elizeth Cardosok Tom Jobim pianistak eta Vinicius de Moraes poeta diplomatikoak sorturiko piezak kantatu zituen. Joao Gilberto izan zen disko horretan gitarra jo zuena. Jobim, De Moraes eta Gilberto dira bossa novaren sorreran izen nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.