Musika

Joe Cocker hil da

Arrakasta handia lortu zuen bere ahots erlatsarekin rock, soul eta blues kanta ezagunen bertsioak egiten.

Berria.eus
2014ko abenduaren 22a
11:08
Entzun

Joe Cocker rock kantari ingelesa gaur hil da, 70 urte zituela, aspaldidanik zuen biriketako minbiziaren ondorioz.

Sheffielden jaio zen Joe Cocker, 1944an, Ingalaterrako iparraldean. Ahots erlats pertsonal baten jabe, 60ko hamarkadan hasi zen oholtza gainean kantuan, 15 urterekin, zenbait soul musikariren kantak emanez, Ray Charlesenak besteak beste. Rock eta blues musikako kantuak ere bereganatu zituen. The Avengers, Big Blues eta The Grease Band taldeetan kantatu zuen lehen urte haietan. 

Erresuma Batuko zerrendetako lehen postura iritsi zen 1968an John Lennon eta Paul McCartneyren A Little Help From My Friends kantaren bertsioarekin. Woodstocken 1969an egin zen kantaldi mitikoan parte hartu zuen, eta baita jaialdi haren oroimenezkoan ere, 1994an.

70eko hamarkadaren hasieran alkoholarekin eta beste dorga batzuekin arazoak izan zituen, baina haiek gainditu eta oholtzetara itzultzea lortu zuen urte batzuen buruan.   

Ondorengo urteetan ere arrakasta handia lortu zuen beste kanta askorekin, You Are So Beautiful eta Up Where We Belong, beste askoren artean.

2012an grabatu zuen estudioko bere azken diskoa, Fire It Up, eta 2013an bira luzea egin zuen Europan zehar. Azken agurreko kontzertua 2015eko ekainean egiteko asmoa zuen, Londresko mendebaldean, Hammersmith-en.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.