Zinema. Estreinaldiak

John Wayneren itzal luzea

Joel eta Ethan Coen anaiek beste bide bat urratu dute, Henry Hathawayren 'True Grit' western klasikoaren moldaketarekinJeff Bridges, Matt Damon eta Josh Brolinek osatzen dute filmeko aktore talde nagusia

Jeff Bridges eta Hailee Steinfeld, aktore beteranoa bata eta hasiberria bestea, True Grit filmean. LOREY SEBASTIAN.
Gontzal Agote.
2011ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Historian dagoen aktorerik ezagunenetakoa izan arren, John Waynek Oscar sari bakarra irabazi zuen. Bere ibilbide artistikoaren azken txanpan izan zen, 1969an, True Grit filmean egin zuen lanagatik. Hala ere, beste hainbat kasutan gertatu izan den bezala, ez zioten saria eman Hollywoodek harekin zor handi bat zuelako, ongi merezitakoa zelako baizik.

Rooster Cogburn polizia buruaren interpretazio bikaina egin zuen Waynek. Pertsonaia begibakarra —bere maisu John Forden omenez egindako keinua izan zen—, moralik gabekoa eta zinismo handikoa eraiki zuen aktoreak, bere ibilbide luze eta emankorreko onenen artean dagoena.

Hori ikusirik, Hollywoodek ez zuen beste aukerarik izan. Ez zen momenturik errazena; batetik, ordurako westerna modaz kanpo zegoen generoa zelako, eta, bestetik, Vietnamgo gerraren kontra hasitako mugimendu kontrakulturalak gero eta indar handiagoa zuelako, eta testuinguru horretan aktorearen izaera atzerakoia ez zen batere begi onez ikusia.

Baina ez zen Waynerena meritu osoa. True Grit-ekin Henry Hathawayk bere filmik onenetakoa ondu zuen. Nolabait western klasikoari ehorzketa ezin duinagoa eman zion, eta modernoari atea parez pare ireki. Izan ere, filma bi garairen arteko giltzarria da; Ford, Mann eta gainerako klasikoen tradiziotik asko hartzen zuen, baina, era berean, sortzen ari zen joera ilun eta berritzailearekin bat egiten zuen. Kontuan izan behar da urte berean Sam Peckinpahk The Wild Bunch egin zuela.

Western bat izanagatik ere, road movie baten ezaugarrietako asko zituen True Grit-ek. Hiru pertsonaia, elkarren artean oso diferenteak, baina norabide berean doazenak. Denek helburu bera dute, hiltzaile bat harrapatzea, baina horretarako dituzten arrazoiak guztiz diferenteak dira: dirua batak, justizia bigarrenak eta mendekua hirugarrenak. Neska gaztearen pertsonaiak ezohiko ukitua eman zion istorioari; haren eta polizia zaharraren arteko harremana zinemak eman duen ederrenetakoen artean dago.

Jatorrizkoari begira

Hathawayren filmak Charles Portis idazlearen eleberri bat zuen oinarri. Urtebete lehenago argitaratu zen liburua, eta, izan zuen arrakastaren ondorioz, Hollywoodek hura pantailaratzeko eskubideak erosi zituen. Hala ere, zuzendariak hainbat aldaketa sartu zituen, eta azken emaitza ez zen nobelarekiko guztiz fidela.

Horixe da 1969ko True Grit-en eta 2011 honetan Coen anaiek aurkeztu dutenaren arteko alderik handiena. Azken horiek behin eta berriz errepikatu dutenez, ez dute remake bat egin nahi izan, Portisen liburuaren gaineko benetako moldaketa baizik. Nolanahi ere, ezinbestean Hathawayren eta coendarren lanen arteko konparaketa eginen da, baita Wayneren eta Jeff Bridgesen artekoa ere.

Aktoreak bigarren aldiz egin du lan anaia bikotearekin. Lehena 1998an izan zen, eta orduan coendarrek bere ibilbide luzeko rolik arrakastatsuena oparitu zioten Bridgesi, The Big Lebowski-ko The Dude. Oraingoan ere ez da makala sudur aurrean jarri dioten gozokia, Waynerena izan zen Rooster Cogburn hura bere egitea. Dena den, segur aski istorioa ez da errepikatuko, eta ez du Oscar saririk irabaziko. Baina dagoeneko Bridgesek ez du horrenbesteko premiarik, Crazy Heart-en egindako lanagatik ongi merezita irabazi baitzuen iaz.

Horrez gain, ongi babestuta agertzen da protagonista, bere ondoan gaur egun dauden bi aktorerik sendoenetakoak baitaude, Matt Damon eta Josh Brolin. Damonek lehen aldia du Coen anaiekin, baina Brolinek ongi aski daki zer den haiekin lan egitea, pertsonaia ahaztezina egin baitzuen No Country for Old Men sarituan. Mattie Ross gaztetxo adoretsuaren rola jokatzeko Hailee Steinfeld aktore hasiberria aukeratu dute zuzendariek.

Zinema sasi-independentearen edo Hollywoodeko bazterreko zinemaren ikur nagusiak dira gaur egun Joel eta Ethan Coen. Urteetan jakin izan dute haien askatasuna mantentzen, lanen kalitateari eusten eta, horrekin batera, ikusleen oniritzia berenganatzen. True Grit lanak ere oso kritika onak izan ditu, eta Oscar sarietarako hamar izendapen bildu.

'TRUE GRIT'

Zuzendariak: Ethan Coen, Joel Cohen.

Aktoreak: Jeff Bridges, Matt Damon, Hailee Steinfeld, Josh Brolin, Barry Pepper.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2010.

Iraupena: 110 minutu.

Estreinaldiak: Etzi estreinatuko dute Hego Euskal Herrian. Hilaren 23an estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.