Muñoz eta Zabaleta ez dira Euskadi Saria bigarren aldiz jasotzen lehenak izango. Bernardo Atxaga eta Felipe Juaristi Euskadi Saria bina bider jasoak dira: haur eta gazte literaturan eta gaztelaniazko literaturan Atxaga, eta euskarazko literaturan eta haur eta gazte literaturan Juaristi; eta Patxi Zubizarretak eta Miren Agur Meabek bina bider jaso dute haur eta gazte literaturako Euskadi Saria.
«Pixka bat harriduraz egon nintzen etxera iritsi zitzaizkidanean 35 liburu», azaldu zuen, atzo, Txomin Peillenek, euskarazko literaturaren modalitateko Euskadi Sariaren epaimahaiburuak, irabazleen izenak jakinarazteko Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan egin zen ekitaldian. Uda guztia irakurtzen eman du Peillenek, «gustura», liburu gehienak «euskara onean» idatziak zirela iruditu baitzaio.
Muñozen lanaren aldeko hautua «aho batez» egin du epaimahaiak, Peillenen arabera. «Gauza askorengatik hautatu dugu. Hizkuntza bikaina da, eta gainera egokia. Hasieratik bururaino heltzen zaio interesari irakurketan, ez da aspertzen. Eta liburuak barnetik erakusten digu guk azalez baino ezagutzen ez genuen mundua, Nafarroako Erriberakoa. Exotikoa da azalez, baina barruan aurkitzen duzubaduela, niretzat behintzat, nire gaztaroko Zuberoaren antza. Ez da hain urrutikoa, beharbada zuberotarrak Erriberan ibiltzen zirelako lanean XVI. XVII eta XVIII. mendean ».
Antzararen bidea nobela sarituaren «egitura narratibo konplexua» ere laudatu du epaimahaiak, «pertsonaien biribiltasun psikologikoa, manikeismotik irteteko ahalegin sendoa».
Bi fideltasunen arteko oreka
«Gesualdo Bufalinoren Gaueko gezurrak-en itzulpenean, Zabaletak oso oreka ederra lortu du», Karlos del Olmo epaimahaiburuak atzoko ekitaldian epaimahaiaren izenean azaldu zuenez,«itzultzaile literarioak beti begi aurrean dauzkan bi erronken aurrean: batetik, egilearen zordun edo morroi den aldetik, hari fidel izatea; bestetik, gisa berean irakurleari ere fidel izatea».
«Itzultzaileak bikain heldu dio jatorrizko lanaren tonu eta estilo original eta barrokoari», epaimahaikideen iritziz, «eta, dena dela, lehenengo irakurraldian edozein euskaldunek pentsa dezake lan hori jatorriz euskaraz idatzita dagoela. Bufalinok kutsu arkaikoa eman zion testuari, lexikoan ez ezik sintaxian ere, XIX. mendeko hegoaldeko italieraren kutsua erantsita. Horren guztiaren usaina eta zaporea euskal irakurleari ekartzea lortu du itzultzaileak, baita dialektalismo ugariek sortzen zuten zailtasun erantsia gainditzea ere, euskarara modu naturalean ekarriz, balio literarioak galdu gabe».
Uko egiteko «eskubidea»
Kazetari baten galderari erantzunez, Euskadi Sariei uko egiten dieten idazle eta itzultzaileen aferaz mintzatu zen Gurutz Larrañaga Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea atzoko ekitaldian. «Kulturaren Euskal Planaren garapenaren barruan, liburuaren sektorearen lan talde bat martxan dago, eta hor, beste gai askoren artean, Euskadi Literatura Sarien egoeraren gaia planteatu da», azaldu zuen Larrañagak. «Talde horrek berak adostu ditu Euskadi Sarietan egin behar diren aldaketak eta eman behar diren pausoak. Sektorearen eskutik ari da, beraz, gai hau aztertzen eta bideratzen Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila».
Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE) eta Galtzagorri haur eta gazte literaturako elkarteko kideak daude talde horretan.
«Euskadi Literatura Saria argitaratutako obrei zuzentzen zaie», ekarri zuen gogora Larrañagak, «eta horrela den neurrian obraren egileak eskubidea dauka parte hartzeko ala ez. Epaimahaiak proposatzen ditu finalistak, eta Kultura Sailak kontrastatzen du ea finalista horiek finalista izateko borondatea duten ala ez. Asko dira, gehienak, finalista izatea onartu eta bide horretan aurrera egitea onartzen dutenak, eta badira batzuk, noski, horri uko egiten diotenak. Eskubidea dute horretarako. Baina ez dut uste horrek beste misteriorik daukanik».
Euskadi Sarien banaketa ekitaldia azaroaren 18an egingo da Gasteizen, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzan, 19:00etan.
Aho batez hautatu dugu irabazlea. Hasieratik bururaino heltzen zaio interesari irakurketan»
Txomin Peillen
Euskarazko literaturako epaimahaiburua
Zabaletak bikain heldu dio jatorrizko lanaren tonu eta estilo original eta barrokoari»
Karlos del Olmo
Literatura itzulpeneko epaimahaiburua
Adierazpenak
«Batzuetan liburuek bizitza propioa hartzen dute»
Jokin MuñozSariaren irabazlea euskarazko literaturan
«Bere baitan gauza asko jasotzen dituen zakua da Antzararen bidea nobela: genero detektibeskotik badu, bidaia nobela ere bada, eta nobela historikotzat ere jo daiteke; eta umore zipriztinik ere badago nobelan, nahiz eta gaia dramatikoa izan. Bizia lo-k Euskadi Saria irabazi eta gero, zirkulaziotik, mundutik desagertzeko gogoa sentitu nuen, eta horretarako biderik errazena izaten da Antzararen bidea-ren tamainakonobela batidaztea. Urte askotako lana da. Bereziki plazera eman dit sortze lan horrek. Gauza asko zeuden kontrolatzekoak: pertsonaiak, eszenategiak, trama... Bide luzea izan zen sortze lana; eta, zorionez, bide luzea izaten ari da publikatu ondoko ibilbide hau ere. Antzarak ttipi-ttapa segitzen du. Nik ez nuen espero horren ibilbide luzea egitea. Euskadi Sariaren aurretik, liburuak beste sari batzuk jaso ditu. Beharbada poz handiena eman didana izan da irakurleek berek emandakoa, 111 Akademiak emandakoa, eta Kritika Saria ere sartu zen tartean. Batzuetan liburuek bizitza propioa hartzen dute».
Datuak
EUSKARAZKOLITERATURAJokin Muñoz 'Antzararen bidea'(Alberdania)
Itxaro Borda 'Noiztenka' (Maiatz)
Sebastian Garcia Trujillo 'Herri maitea, herri dorpea' (BBK-Euskaltzaindia)
Txomin Peillen (epaimahaiburua);Jon Kortazar, Arantxa Urretabizkaia, Karlos Santisteban eta Joseba Aurkenerena (epaimahaikideak);eta Marta Merino (epaimahaiko idazkari, hautespiderik gabea)
Oroitikurra eta 21.535 euro. 18.000 euro argitaratutako lanagatik, eta3.535 euro saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratu ahal izatea bideratuko duen hitzarmena sinatu ostean.
ITZULPENA
Josu Zabaleta Gesualdo Bufalinoren 'Gaueko gezurrak' (Alberdania-Elkar)
Juan GarziaJorge Wagensberg.en 'Formen matxinada edo nola iraun ziurgabetasunak erasatean' (Euskal Herriko Unibertsitatea)
Mikel Garmendia Ernesto Sabatoren 'Tunela'(Alberdania-Elkar)
Alberto Martinez de la Cuadra Chinua Achebe-ren 'Gainbehera dator dena' (Alberdania-Elkar)
Jon MuñozStendhal-en 'Parmako kartusia' (Alberdania-Elkar)
Karlos del Olmo(epaimahaiburua); Miren Bakartxo Arrizabalaga, Mirari Garcia de Kortazar, Iker Sancho eta Adolfo Arejita (epaimahaikideak); eta Marta Merino (epaimahaiko idazkari, hautespiderik gabea)
Oroitikurra eta 18.000 euro.
«Eskerrak zor dizkiet lankideei. Itzulpena ez da lan bakartia»
Josu ZabaletaSariaren irabazlea literatura itzulpenean
«Esker bereziak zor dizkiet nire lankideei. Hala ematen badu ere, itzulpena ez da lan bakartia. Dauzkadan lankideak ez banitu, ez nituzke egingo egiten ditudan itzulpenak. Liburu hau proiektu inposiblea da. Liburu hau ezin daiteke itzuli, eta ezindaiteke irakurri ere; ezin daiteke irakurri eta ezin daiteke itzuli Bufalinok idatzi zuen bezala. Liburu honetan Bufalinok egin ezin daitekeen gauza bat egiten du. Italiera ez zen existitzen liburuko gertakarien garaian. XX. mendearen erdialdera arte, telebista agertu arte, ez zen italierarik.Liburuko pasarte asko siziliarrez, turindarrez edo napolitanoz idatzita daude, eta Bufalinok itzuli egin ditu. Nik egin dut egin ahal izan dudan itzulpenik onena, eta irakurkerak maila asko ditu. Liburuan hizkera katramilatuz joaten da, aldapan gora itoan doan auto baten moduan. Ia itotzera doan unean, gaina hartzen du eta agertzen da epiteto pare bat, esate baterako, edo horrelako gauzaren batzuk, txundigarriak. Horrek lehen esandakoa berrinterpretatzera eramaten zaitu. Hori da Bufalinoren jokoa».
Hemerotekako kritikak
Trilluelosko itsasoak
Antzararen bidea bi narrazio planok osatzen dute: Trilluelosen gerra aurretik kokatutakoak eta Donostian 2003ko uda bukaerakoak. Hasierako atalean ez da aurkitzen bi planoen arteko loturarik, baina narrazioan aurrera egin ahala irakurlea bien arteko harremanak asmatuz joango da, Gerra Zibilaren eta gaur egunaren arteko paralelismoak ohartaraziz. (...)Gure artean klabe errealistak hobekien dominatzen dituen idazleetakoa da Muñoz, eta nobela hau horren adibide ezin hobea da. Egin kontu bestela lekuak nola ezaugarritu -Donostia, agurearen etxea, Trilluelos...-, eta pertsonaiak nola hezurmamitzen dituen. Era berean, tradizio errealistari jarraiki, ñabardura txikiena ere ez da azaltzen kasualitatez, narrazioaren diegesian garrantzia duelako baizik -lehen ataleko aurreneko hitza «antxetek» izateak dena esaten du-, eta horregatik informazio ugari zeharka jasotzen ahal da, ezein motatako didaktismotik urrun. (...)
Muñozen ibilbide literarioko, eta bidenabar, euskal literatura garaikideko mugarri bat. Nire zalantza da emaitza bikain honen ondotik orain arteko bidea agortu ez ote zaion, nahiz eta hala izatekotan ere, gaitzerdi.
Beñat Sarasola. Berria.
Kontatu edo hil
Kartzelan daude baroia, soldadua, ikaslea eta poeta. Erregeren kontrako konspirazio batean partaide izateagatik heriotza zigorra dute zain egunsentiarekin batera. Azken afaririk gabe, azken gaua gelditzen zaie gau luzeenaren aurretik. Baina bat-batean, kartzelako buru den gobernariak tratu bat eskaintzen die, hil edo biziko joko ankerra: lau papertxo eta ontzi bat mahai baten gainean. Lauretako inork Aita Eterno deitzen duten buruzagiaren izena papertxo bakar batean idazten badu, salbu izango dira guztiak. (...)Angel Errok egunkari honetarako ezin egokiago aukeraturiko hitzak erabiliz, «gizakiaren kontraesanak agerian utzi eta egia zalantzan jartzen du distira poetikoz, baina istorioa nagusituz» Josu Zabaletak itzulitako liburuak. Gizakiak bezala, egiak ere berezkoak dituelako zalantza eta kontraesanak: «Laburbilduz, egia esan behar badut, beldur naiz ez ote garen ari, lau koldarkeria erkatzen eta elkarri zeharka begiratzen...». Elkarri kontatzen dizkioten zoritxar horiek eraikitzen dutelako istorio nagusia, izan egiazkoak, izan egia-itxurazkoak edo izan gezur peto-petoak. (...)
Asko gozatu dudan nobela izateaz gain, hainbat aukera narratibo eskaintzen dituena. Gogoan gelditzen diren irakurketa horien adibide bikaina Bufalinoren Gaueko gezurrak.
Mikel Ayerbe.Berria